Xakearen festa, munduko errekor eta guzti

Munduko errekor saiakera egin zuen joan zen larunbatean: 24 orduz, mundu osoan milioi bat xake partida jokatzea. Eta lortu zuten, guztira 5,4 milioi partida baino gehiago jokatu baitziren egun bakarrean. Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldeak bere alea jarri zuen.

Xakearen Nazioarteko Eguna izan zen joan zen larunbata, 1924an Parisen Xakearen Nazioarteko Federazioa sortu zela gogoratuz. Fundazioaren 100. mendeurrenean, hain zuzen, munduko xake marka saiakera egin zen egun horretan: 24 orduz, mundu osoan milioi bat xake partida jokatzea zen asmoa, aurrez aurre zein Internetez, eta lortu zen. Izan ere, azkenean 5,4 milioi partida baino gehiago jokatu ziren egun bakarrean, eta horrek erakusten du xakea munduan izaten ari den goreneko unea.

Aurrez aurre jokatu eta erregistratu ziren 826 txapelketen artean zeuden Anaitasuna Kakute xake taldekoek jokatu zituztenak. Klubeko 20 kidek 90 partida jokatu zituzten bederatzi txandatan, eta modu horretara, bere alea jarri zuen marka berrian. Hain zuzen, 28 Social Blitz Anaitasuna Fide100 GWR – Azkoitia 2024 izan zen Espainiako Estatu osoan izena eman zuen lehen txapelketa, eta online plataformetan zein klubeko webgunean zuzenean eman zituzten Azkoitiko partida horiek. Egun handia izan zen klubarentzat, eta 1982an munduko errekorra lortu zuen Jose Luis Larrañaga nagusitu zen; beraz, bigarren marka lortu du dagoeneko. Anibal Fernandez geratu zen bigarren postuan, Juan Carlos Valorren eta Jose Joaquin Valorren aurretik. Emakumeen artean, Judith Goenaga izan zen aurrena.

Dena den, horiek ez ziren izan marka saiakeran parte hartu zuten klubeko kide bakarrak: Ane Arriolak 14 urtez azpiko Espainiako Txapelketaren azken txanda jokatzen zuen Granadan, eta poz handia eman zion errekor saiakerarako balio izan zuen partida hark, azkoitiarrak irabazi egin baitzuen. Bestalde, Ekain Aldalur goizeko lehen orduan lehiatu zen online Sri Lankatik.

Egitasmoari esker, Azkoitiko izena goian uzteaz gain, federazioarena ere modu horretara geratu da. Eta lan asko egin behar du hark igaro berri den une garrantzitsua ez dadin desegin. Abuztuan etena izango da, baina jokalariek txapelketak lehiatuko dituzte han eta hemen, zuzendaritza urte amaierara arteko eta datorren urteko egitasmoak zehazten dituen bitartean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide