Anaitasuna Kakute xake taldea munduko marka saiakerarako prestatzen ari da

Ane Arriola. (Anaitasuna Kakute xake taldea)

Uztailaren 20an, Anaitasuna Kakutek Nazioarteko Xake Federazioaren Guinnes munduko marka saiakeran lagunduko du; egun horretan, milioi bat partida baino gehiago jokatuko dituzte 24 ordutan, eta Azkoitian ere jokatuko dituzte partidak.

Ekaina hilabete oso garrantzitsua izan da Anaitasuna Kakute xake taldearentzat, bi txapelketa garrantzitsu antolatu baititu: Sustapena eta Azkoitia Hiria, zeinek xake jokalari eta guraso ugari elkartu baitituzten. Ordea, uztaila ere oso garrantzitsua izango da: batetik, Ane Arrionak entrenamenduak arindu ditu klubeko bazkide Anibal, Valor eta Paredesekin, Salobreñan (Granada) jokatuko den 14 urtez azpiko Espainiako Txapelketan bere parte hartzea indartzeko asmoz. "Anek ikasteko aukera guztiak aprobetxatu behar ditu. Ezin du etsi emaitza txarren aurrean, beldurrak ez du ezertan laguntzan, eta Lucia Valorrek ondo irakatsi dio hori. Entrenamendu handia eta gogorra izango da hori, indartuta itzuliko dena. Aparteko esperientzia biziko du bere adin bereko jokalariekin batera, eta Paredesen zein Izaro ahizparen laguntza izango du. Zorte on, Ane", esan du klubak. 

Bestetik, gero eta gutxiago geratzen da uztailaren 20rako. Anaitasuna Kakutek Nazioarteko Xake Federazioaren Guinnes munduko marka saiakeran lagunduko du; egun horretan, milioi bat partida baino gehiago jokatuko dituzte 24 ordutan, eta gaur-gaurkoz, aurrez aurreko 200 partida baino gehiago jokatu dituzte mundu osoan, eta horrez gain, plataforma digitaletan beste hainbat partida jokatuko dituzte online. Azkoitiko torneoa, Blitz Social txapelketa (hiru minutu eta bi segundoko jokaldietako partidak), bederatzi txandatan eramango da aurrera Kultur Etxean, 10:00etatik aurrera, eta partidak Chess.com eta Lichess atarietatik jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, Youtube plataformatik zuzeneko bideoak eskainiko dituzte. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide