Inoiz baino parte hartzaile gehiago izango dira 28. San Andres xake txapelketan

Abenduaren 3an jokatuko dute xake txapelketa Elkarguneko areto nagusian, 10:00etan hasita. Izen-ematea zabalik dago oraindik.

Abenduaren 3an jokatuko dute San Andres xake txapelketaren 28. edizioa Elkarguneko areto nagusian, eta 130 jokalarik eman dute izena, inoiz baino gehiagok. Txapelketaren antolatzaile den Anaitasuna Kakute taldeak jakinarazi duenez, 32 talde ezberdinetako jokalariek eman dute izena, zortzi probintziatakoek eta sei erkidegotakoek. Hori horrela, Euskal Herriko xakelariak ez ezik, Zaragozatik, Kantabriatik zein Asturiasetik (Espainia) etorriko dira Azkoitiko txapelketan lehiatzera. Antolatzaileen arabera, tituludun hainbat jokalari egongo dira Azkoitian, eta gehienek Nazioarteko Federazioan puntuak dituzte.

Torneoko antolatzaileek, Anaitasuna Kakuteko bazkideek eta zenbait boluntariok txapelketa jokatuko den bi joko aretoak prestatzen dihardute egunotan Elkargunean. "Prestaketa lana da zereginik zailena, baina taldean dugun giro onak asko errazten du lana. Giro on hori norbere buruarengan ez baino, taldean pentsatzen dugulako lortu dugu, taldearen irudia eta Azkoitiko herria xede hartuta. Egun hauetan, kirola, kultura eta jaiak dira gure herrian nagusi, eta ahal dugun guztia egingo dugu txapelketan parte hartzen dutenak ondo zainduta eta gustura egon daitezen", adierazi du Jose Luis Fernandez torneoaren zuzendariak eta Anaitasuna Kakute taldeko presidenteak. Bestalde, eskerrak eman dizkie Azkoitiko Udalari, Elkarguneari, torneoko babesleei eta laguntzaileei, eta taldeko bazkideei, txapelketa aurrera ateratzen lagundu izanagatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide