Datorren igandean Emakumezkoen III. Anaitasuna-Kakute txapelketa jokatuko dute Anaitasuna Kakute xake taldearen lokalean, klubeko jokalariei zein bertan parte hartu nahi duten emakume guztiei zuzenduta. Blitz modalitatean eramango dute txapelketa aurrera; hau da, hiru minutuko partida azkarrak jokatuko dituzte, eta izena ematen duten kopuruaren arabera egingo dituzten txanda zein jokaldi bakoitzeko bi segundo gehiago izango dituzte. Aukera ona izango da abenduaren 16an Elgoibarren jokatuko duten txapelketara prestatzeko. Iaz, klubak parte hartze zein emaitza onak izan zituen.
Bestalde, Gipuzkoako Hirugarren Mailako Txapelketako zonaldeko laugarren kanporaketa jokatu zuten larunbatean Elgoibarren. Juan Cruz Fernandezek emaitza ona behar zuen lider jarraitu ahal izateko, baina partida ez zitzaion ondo atera, eta Eibarko Beorlegi nagusitu zitzaion. Liderrek hiru puntu dituzte egun, eta Fernandez 2,5 punturekin dago; horrek zaildu egiten dio azkoitiarrari sailkapenaren buruan kokatzea. Azken partida datorren larunbatean jokatuko dute, eta Fernandez Urtzi Lasaren aurka (hiru puntu) lehiatuko da; Asier Lasak (hiru puntu), berriz, Berlegiren kontra (hiru puntu) jokatuko du. Aukerak, beraz, oso mugatuak daude.
Bien bitartean, hiru aste geratzen dira San Andres torneoa jokatzeko, eta dagoeneko 78 jokalarik eman dute izena. Jokalarien eskaera dela eta, 140ra handitu dugu parte hartzaileen gehienezko edukiera, kopurua oraindik igo egingo delako. Aurrez esan bezala, David Lariño Maisu Handiak parte hartuko du, eta baita honakoek ere: Iñigo Argandoñak (Gros) eta Diego del Reyk (El Olivar-Zaragoza, Espainia) eta Fide David Lana maisuak (Teruel-Zaragoza, Espainia). Aipagarria da 29 klubeko kide izango direla txapelketan, eta Euskal Herrikoak ez ezik, baina Espainiakoak ere, hala nola Asturias, Kanariar Uharteak, Kantabria eta Zaragozakoak. Azkoitiko klubeko 17 jokalarik parte hartuko dute; arrakastatsua izango da, beraz.