Anaitasuna Kakute xake taldea han eta hemen aritu da joan den astean. Lucia Valorrek 14 urtez azpiko Espainiako Txapelketa jokatu zuen atzo, Salobreñan (Espainia). Espainiako Txapelketan aritu direnen artean, Fide rankingeko posturik baxuena zuen parte hartzailea izan da Valor, eta hark 174. postuan amaitu du, 189 parte hartzailetatik; 2,5 puntu bildu ditu txapelketan Anaitasuna Kakute taldeko xake jokalariak.
Egoera onean izan zituen partidak Valorrek, baina urduritasunak nahiz nekeak eragina izan zuten txapelketak aurrera egin ahala. Horrez gain, 14 urtez azpiko partida azkarren Espainiako Txapelketa ere jokatzea erabaki zuen Valorrek. Azkoitiarrak sentsazio hobeekin amaitu zuen azken txapelketa hori; 3,5 puntu bilduta, 121. postua eskuratu zuen, 163 parte hartzaileren artean.
Bestalde, Zornotzan (Bizkaia) Zamakonaren omenezko txapelketa jokatu dute asteburuan, eta Larrañagak, Fernandezek, Goenagak eta Paredesek parte hartu zuten han. Anaitasuna Kakute zortzigarren sailkatu zen hemeretzitik; Portugaletek irabazi zuen, Abadiño sailkatu zen bigarren eta Zornotza hirugarren. Anibal Fernandezek, berriz, Billabonako (Gipuzkoa) xake taldearen 50. urteurreneko ekitaldian parte hartu zuen. Ruslan Ponomariov munduko txapeldun eta Maisu Handi ukrainarrak aldi bereko 28 taula jokatu zituen han; Fernandezek ez zuen punturik biltzerik lortu ukrainarraren aurka. Imanol Larrañaga, berriz, Barakaldoko (Bizkaia) BECen egunotan jokatzen ari diren Euskal Encounterren xake txapelketaren finalera sailkatu da; hilaren 31n jokatuko dute finala.