Lucia Valor eta Maria Okuda, Espainiako Txapelketara

Okuda eta Valor, Urretxun.

Valor eta Okuda Espainiako Txapelketara sailkatu dira. Salobreñan (Espainia) jokatuko dute txapelketa, uztailean. Era berean, Valor euskal selekzioarekin arituko da erkidegoen arteko txapelketan.

Asteburuan, xakearen Euskadiko Eskolarteko Jokoak jokatu dituzte Urretxun (Gipuzkoa), alebin eta haur mailakoak. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan sailkapena lortu ondoren, han aritu ziren Lucia Valor eta Maria Okuda. Haurren mailan, Oier Sarasketak irabazi zuen txapelketa, eta alebin mailan, Gorka Tafallek.

Haurren mailan aritu zen Valor. Txapelketari ondo ekin baldin bazion ere, jarraian bildutako hiru porrotek aukerarik gabe utzi zuten hura. Alebin mailan, Maria Okudak oker ekin zion, baina bi garaipenekin itxi zuen txapelketa. Hori horrela, Valor eta Okuda, biak sailkatu dira Espainiako Txapelketara. Salobreñan (Espainia) jokatuko dute txapelketa, uztailean. Era berean, Valor euskal selekzioarekin arituko da Espainiako Txapelketan, Albaceten jokatuko den erkidego arteko lehian.

Valor eta Okuda pozarren ziren txapelketaren amaieran. Zirraraz jositako asteburua izan da biena, baita beraien senitartekoena ere. Orain arte txapelketa horietan parte hartu duten klubeko kide bakarrak dira Hector zein Carlos Sanchez eta Judith Goenaga.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide