Joan den larunbatean jokatu zen Donostian Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa. Zonaldekako txapelketetan emaitza onenak eskuratutako alebin eta haur mailako neska-mutilek jokatu zituzten han partidak. Anaitasuna Kakute xake taldeko bost kidek parte hartu zuten han; egun historikoa izan zen klubarentzat parte hartze hori.
Haurren mailan, Lucia Valorrek hamaseigarren postua lortu zuen bi puntu bilduta. Gainera, Urretxun (Gipuzkoa) Euskadiko Eskolarteko Txapelketara sailkatu zen hura. Alebinen mailan, Maria Okuda nabarmendu zen; hark bost puntu bildu zituen seitik, eta hirugarren sailkatu zen bigarrenarekin berdinduta eta txapeldunagatik puntu erdira. Era berean, nesken arloko lehena izan zen Okuda eta Euskadiko Eskolarteko Txapelketara sailkatu zen hura ere. Alaitz Hidalgok 2,5 puntu eskuratu zituen eta 24. postuan sailkatu zen, Erin Goenagaren aurretik; Goenagak puntu erdi gutxiago lortu zuen. Ixone Juradok puntu bat bildu zuen, eta 38. sailkatu zen.
Atzo, igandea, taldekako Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa jokatu zen. Zurriolak irabazi zuen txapelketa, Bidasoa eta Grosen aurretik amaituta. Anaitasuna Kakute taldea Okudak, Hidalgok, Goenagak, Juradok eta Mikel Arriolak osatu zuten. Txapelketa ona egin zuten azkoitiarrek, eta bosgarren sailkatu ziren. Manuel Paredesek ere lan ona egin zuen asteburu osoan klubaren ordezkari bezala.
Kluba "harro"
Xake taldearen zuzendaritzak azaldu du "oso harro" daudela eskolarteko txapelketetan Azkoitiko gazteek lortu dituzten emaitzekin. "Emaitzak baino garrantzitsuagoa dira duten giro ona, klubean sortzen ari diren egoera, poza eta ikasteko gogoa". Era berean, begiraleak egiten ari diren "lan ikaragarria" nabarmendu nahi izan du klubak. "Gauza bat lortu dute: emaitzetatik harago, ondo pasatzea dute helburu, eta hori eskola kirolaren oinarrizkoa da. Gainera, gurasoen eta bestelako bazkideen papera ere ezinbestekoa da. Horien lanak guztia errazago egiten du. Une ederrak ari gara igarotzen", azaldu dute.