Valor, Okuda eta Aldalur, eskolartekoetan garaile

Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketaren Azkoitiko zonaldeko partidak jokatu zituzten atzo, hiru mailatan banatuta, eta Valor, Okuda eta Aldalur nagusitu ziren. Larunbatean, berriz, Gipuzkoako Ligako zazpigarren txanda jokatu zuen Anaitasuna-Kakutek, eta 3,5-0,5 galdu zuen Andoainen.

Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketaren Azkoitiko zonaldeko partidak jokatu zituzten atzo, igandea, Azkoitiko Kultur Etxean. Hiru mailatan banatutako hamar jokalarik parte hartu zuten jardunaldian, eta gogoz zein ilusioz betetako goiz atsegina igaro zuten haurrek. Klubaren aretoa txiki geratu zen beste behin ere, bazkide zein guraso ugari elkartu baitziren; horrek argi uzten du kirol honekiko eta klubak antolatzen dituen jarduerekiko interesa handitu egin direla.

Infantilen mailan, Lucia Valor (Floreaga) nagusitu zen, Ermuako Jon Oliveirari (Providencia) lau partida irabazi ostean; alebinetan, Maria Okudak (Xabier Munibe) ez zuen atsedenik eman, partida guztiak irabazi baitzituen. Alaitz Hidalgok (Xabier Munibe) jarraitu zion Okudari, Erin Goenagari (Xabier Munibe) berdindu ostean, eta emaitza bera izan zuen Ixone Juradok (Zumaiako X.E.) Unax Albisuari (Bergara) berdindu ostean. Maila horretako taldea Mikel Arriolak (Xabier Munibe) itxi zuen. Benjaminetan, berriz, Ekain Aldalur (Floreaga) 3-1 nagusitu zitzaion Erik Fernandezi (Floreaga). Hasiera batean, Valor, Okuda eta Hidalgo Gipuzkoako Eskolarteko Xake Txapelketaren banakako finalera sailkatuta daude. Gros klubean jokatuko dute partida, maiatzaren 6an, eta esperientziaz goza dezatela opa diegu. Maiatzaren 7an, berriz, taldekako finala jokatuko dute, eta Anaitasuna Kakutek alebinen ordezkaritza izango du, Okudak, Hidalgok, Fernandezek, Juradok eta Arriolak osatutakoa.

Larunbatean, berriz, Gipuzkoako Ligako zazpigarren txanda jokatu zuen Anaitasuna-Kakutek, eta Azkoitiko taldea Andoainera mugitu zen Agustin de Leitza taldeari aurre egiteko. Ordea, 3,5-0,5 galdu zuen Azkoitiko taldeak. Anibal Fernandezek, Juan Carlos Valorrek eta Juan Cruz Fernandezek galdu egin zituzten partidak, eta Ion Kuendek berdindu egin zuen. Sailkapeneko seigarren postuan da Azkoitikoa, 11 punturekin, Arrasate Arlutzi berdinduta. Orain, Anaitasuna-Kakutek A taldeko jaitsiera postuko play-off-ak jokatu beharko ditu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide