Markel Vesgak irabazi du Gipuzkoako xake txapelketa azkarra

Jose Joaquin LarraƱaga, Azpeitian.

Legazpiarrak eta Jose Luis Guijarrok 9,5 puntu batu zituzten larunbatean Azpeitian, baina Vesgak berdinketa hausteko emaitza hobea lortu zuenez, harentzat izan zen txapela.

Joan den larunbatean, Gipuzkoako partida azkarren txapelketa jokatu zen Azpeitiko Azoka Plazan. Gipuzkoako Xake Federazioak eta Azpeitiko Xaputarrak xake taldeak antolatu zuten txapelketa, eta 39 lagunek parte hartu zuten bertan. Markel Vesga legazpiarrak irabazi zuen lehia.

9,5 puntu batu zituen Vesgak, Jose Luis Guijarrok bezalaxe, baina bigarrenak berdinketa hausteko emaitza txarragoa zuenez, bigarren sailkatu zen. Hirugarren, berriz, Xabier Aranzabal sailkatu zen 7,5 punturekin. Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake taldeak ere parte hartu zuen lehian, eta Jose Joaquin Larrañagak maila ona erakutsi zuen; 6 puntu batuta, hamalaugarren postuan sailkatu zen. Xabier Ruizek, berriz, 32. postuan amaitu zuen proba 4 punturekin.

Bestalde, Meridan (Espainia) izan zen Manuel Paresen, han Karen Grigoryan Maisu Handiaren aurkako aldibereko partidak jokatu baitzituzten. Hamazazpi lagunek parte hartu zuen, baina armeniarrak ez zuen inolako aukerarik eman, partida guztiak irabazi baitzituen.

Sanandresetako izen-ematea, zabalik

Anaitasuna-Kakute xake taldeak jakinarazi nahi du, XXVII. San Andres Txapelketan aritzeko izen-ematea zabalik dagoela. Abenduaren 4an, igandea, jokatuko da txapelketa Elkargunean, 10:00etan hasita. Antolakuntza lanak aurreratuta ditu klubak, eta bide batez, herriko erakundeek eta saltokiek emandako babesa eskertu nahi du klubak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide