Gaztetxoen XXVIII. Azkoitia Hiria Txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Azkoitian. Erloju bidezko aldibereko formatuan jokatu zuten lehia, bi asmo nagusirekin: alde batetik, Anaitasuna-Kakute xake taldeko neska-mutilak prestatzeko, eta bestetik, Oier Sarasketa zumaiarra prestatzeko. Izan ere, hark 12 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatuko du irailaren 16tik aurrera Georgian.
Sarasketa Portugalen aritu da xake txapelketa bat jokatzen; 275 jokalari eta tituludun ugarirekin aurka neurtu ditu indarrak han. Azkoitiko txapelketa jokatu ondoren, atseden txiki bat hartuko du Sarasketak Munduko Txapelketari ekin aurretik. Gure taldeko jokalariei oso ondo etorri zaie opor osteko lehen hartu-emana. Sarasketak partida guztiak irabazi zituen, aurkariei inolako aukerarik eman gabe eta partida guztietan erlojuaren handikapa izanda. Hala eta guztiz ere, Anaitasuna-Kakuteko xakelariek itxura ona eman zuten, hilabete eta erdiko atsedenaldia izan baitute udan. Sarasketari, berriz, onena opa diogu Munduko Txapelketan. Azkoitian badu gure babesa eta gertutik jarraituko dugu Munduko Txapelketan.
Bestalde, Hondarribian, X. Gaztelu Aktibo Xake Txapelketa jokatu zuten 50 jokalarik. Anaitasuna-Kakute xake taldea ere han izan zen, eta Imanol Larrañagak 15. postuan amaitu zuen 4 punturekin; Jose Joaquin Larrañaga, berriz, 17. postuan sailkatu zen 3,5 punturekin. Txapelketa Alfarok irabazi zuen 5,5 punturekin, eta haren atzetik sailkatu ziren Manterila, Ochoa eta Juez 5na punturekin.