Urtzi Lasa arrasatearrak irabazi du X. Anai Xake Eskola Txapelketa

Hemeretzi gaztetxok parte hartu zuten X. Anai Xake Eskola Txapelketan. Anaitasuna-Kakute taldeko Aritz Soraluzek hirugarren postua lortu zuen, eta Lucia Valorrek gertu izan zuen laugarren postua.

Atzo, igandea, X. Anai Xake Eskola Txapelketa jokatu zen Anaitasuna-Kakute xake taldearen egoitzan. Haurren eta nerabeen artean xakea sustatzeko antolatu ohi du urtero xake txapelketa herriko xake klubak, eta txapelketa ondo atera zen. Parte hartzaileek eta haien gurasoek goiz ederra igaro zuten Azkoitiko Kultur Etxean.

Hemeretzi lagunek parte hartu zuten proban, eta txapelketa irabazteko hautagai nagusiak ez zuen hutsik egin. Urtzi Lasa Arrasateko Arlutz xake taldeko kideak 5 puntu eskuratu zituen bost partidatan. Jon Urzelai Debako Luzaro Ikastolako kidea sailkatu zen bigarren postuan 4 punturekin, Aritz Soraluze izan zen hirugarrena, puntu berdinekin; hura, ordea, hirugarren sailkatu zen berdinketa hausteko partidan emaitza kaskarragoa lortu zuelako. Anaitasuna-Kakute taldearen harrobiak itxura ona duela erakusteko era balio izan zuen lehiak; izan ere, Alaitz Hidalgo, Maria Okuda eta Erin Goenaga ikasitako guztia taularen aurrean erakusteko gai izan ziren. Lucia Valorrek, berriz, esku-eskura izan zuen sailkapeneko laugarren postua.

Parte hartzaileak Debako (Gipuzkoa) Luzaro Ikastolakoak, Legazpiko (Gipuzkoa) Santikutz xake taldekoak, Arrasateko (Gipuzkoa) Arlutz taldekoak, Eibar (Gipuzkoa) taldekoak, Zumaiako KBI taldekoak eta Azkoitiko Anaitasuna-Kakute taldekoak izan ziren. Sari banaketa ekitaldian Angel Martin kirol zinegotziak parte hartu zuen, eta Ion Kuendek lan ona egin zuen antolaketa eta epaile lanetan. Ekainaren 12an Gurea pilotalekuan jokatuko duten Anaitasuna-GXF Sustapena txapelketara begira aurrekari ederra utzi zuten gaztetxoek.

Bestalde, Anibal Fernandezek galdu egin zuen Eire-Apaolaza Txapelketako kanporaketa Markel Versgaren aurka. Urretxuko (Gipuzkoa) Eire tabernan jokatzen da txapelketa, eta Hector Sanchez azkoitiarrak ezin izan du lehian parte hartu. Anaitasuna-Kakute taldeko zuzendaritza eta bere bazkideak Anaitasuna-GXF Sustapena txapelketari begira jarrita daude orain. Ekainaren 12an jokatuko dute Gurean proba, eta 120 gaztetxo inguru arituko dira nor baino nor gehiago. Ekainaren 26an, berriz, 40. Azkoitia Hiria Txapelketa jokatuko dute Kontzejupean, eta Joxe Azkueren oroimenezko XI. txapelketa izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide