Jose Joaquin Larrañagak irabazi du Beteranoen II. Anaitasuna Txapelketa. 50 urtetik gorako xakelariek parte hartu ohi duten txapelketan, eta porrotik jaso gabe, hark 10,5 puntu batu zituen jokatutako hamabi partidetan. Haren ondoren sailkatu ziren Xabier Beorlegi, hura ere 10,5 punturekin, eta Manuel Paredes, 9 punturekin. Zazpi jokalarik parte hartu zuten lehian, eta bi partida jokatu zituen xakelari bakoitzak aurkari bakoitzaren aurka.
Larunbatean, Anibal Fernandez eta Judith Goenaga Anaitasuna-Kakute taldeko kideak Legazpin (Gipuzkoa) izan ziren, Santikutz xake taldeak antolatutako aldibereko partidak jokatzen. Espainiako egungo txapeldunaren aurka, Eduardo Iturrizaga Maisu Handiaren kontra, jokatu zituzten aldibereko xake partidak, eta hark lau lehia berdindu zituen soilik jokatutako 30 partidetan; gainerako guztiak irabazi zituen. Azkoitiarrek galdu egin zituzten beren partidak.
Getarian, berriz, xake partida azkarren txapelketa jokatu zuten, eta Anaitasuna-Kakute taldeko Ion Kuendek, Jose Joaquin Larrañagak eta Manuel Paredesek parte hartu zuten han. Azkoitiko taldeak zazpigarren postua eskuratu zuten hogeitik. Abadiño nagusitu zen, lehia Legazpiko Santikutz eta Zarautzen aurretik amaituta. Paredesek hirugarren taula onenaren saria eskuratu zuen.
Igandean, X. Anai Xake Eskola
Datorren igandean, 10:00etan, Kultur Etxean X. Anai Xake Eskola jokatuko dute. Lehia horretako partidak Azkoitia-GXF Sustapena 2022 txapelketarako baliagarriak izango dira. Txapelketa hori ekainaren erdialdean jokatuko dute Gurea pilotalekuan. Dagoeneko hogei lagun baino gehiagok eman dute izena.