Atzo jokatu zen 2022ko Kutxa Ligako bosgarren kanporaketa. Oraingoan, talde azkoitiarrak Arrasate Arlutz izan zuen aurkari etxean, eta garaipena lortu zuten etxekoek: 3-1. Ion Kuenderen (sukalderaino sartu zen) eta Xabi Ruizen (emaitza bikainak lortzen ari da) garaipenak eta Anibal Fernandezen eta Imanol Larrañagaren taulak. Horrela, Anaitasunak 11 puntu ditu, eta bosgarren postuari eusten dion arren, asko hurbildu da aurreneko postuetara. Gros C liderra da 16 punturekin, eta Idiazabal du atzetik, 12,5 punturekin; Santikutz, 12 punturekin, eta Arrasate Arlutz B 11 punturekin.
Lehenengo fase honetan falta diren bi txandak erabakigarriak izango dira, eta ez dira errazak izango. Lehenengoa datorren larunbatean izango da, Legazpiko Santikutzeko lagunak izango ditugu aurrez aurre; hurrengoa, berriz, Idiazabalekin jokatuko dugu etxean, eta bietan ere tentsioa oso presente egongo da tauletan.