Anaitasuna-Kakute xake taldeak galdu egin du etxean Hondarribia-Marlaxkaren aurka

Jon Kuende, eskuinean, partidan zehar.

0,5-3,5 galdu zuen Anaitasuna-Kakute xake taldeak hondarribiarren aurka, Azkoitian. Datorren astean, Arrasatera egingo dute bidaia jokalari batzuk eta beste batzuk Zumaiara.

Atzo, larunbata, Gipuzkoako taldekako I. Suitzar Kutxa FGA Txapelketako hirugarren jardunaldiko neurketak jokatu zituzten Anaitasuna-Kakute xake taldeko jokalariek Azkoitian. Hondarribia-Marlaxka taldearen aurka aritu ziren; izan ere, txapelketa honetako parekatze sistemak sailkapenean puntuazio bera edo antzekoa duten taldeak jartzen ditu aurrez aurre.

Nahiz eta partidak hasi aurretik puntuaketan alde handirik ez egon bi taldeen artean, taulen aurrean jarritakoan alde handia egon zen. 0,5 eta 3,5 galdu zuen Anaitasuna-Kakute xake taldeak Hondarribia-Marlaxka taldearen aurka. Kuendek eta Ruizek galdu egin zuten, Tornay aita –gipuzkoar xakeko jokalari esanguratsuenetako bat– eta Tornay semearen aurka, hurrenez hurren. Ondoren, Valorrek berdindu egin zuen Herreraren aurka. Azkenik, Anibalek ere galdu egin zuen Patxi Moreno gogorraren aurka. Emaitza horrekin, taldea bederatzigarren postura erori da 5,5 punturekin, eta datorren larunbatean Arrasate-Arloutz taldearen aurka jokatu beharko du.

Era berean, datorren larunbat goizean Zumaian aldi bereko xake saio bat jokatuko dute Anaitasuna-Kakute xake taldeko jokalariek, Pepe Cuenca Granadako maisu handiaren eskutik. 2018an Espainiako txapeldunordea izan zen Cuenca, eta Chess24 xake profesionaleko esataria da. KBI Zumaiako Xake Taldearen eskutik, Espainiako jokalaririk onenetako baten aurka xake partida bat jokatzeko aukera izango dute gure jokalariek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide