Taldekako I. Suitzar Kutxa-FGA txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten larunbatean Anaitasuna Kakute xake klubeko jokalariek Zarautzen, hango kirol elkartearen egoitzan. Lehen xakeko jardunaldien emaitza azkoitiarren aldekoa izan zen, izan ere Xabier Ruiz eta Markel Vesga (egungo Euskadiko txapelduna jubeniletan eta kadeteetan) xakelariek Zarautz A-koen kontra irabazi egin zuten. Ion Kuendek eta Anibal Fernandezek, aldiz, ezin izan zituzten xakelari zarauztarrak menderatu. Hala, Zarautzekin berdindu egin zuen Anaitasuna Kakute xake taldeak.
Txapelketako bigarren jardunaldiaren ostean, Azkoitiko xake taldea sailkapeneko hirugarren postuan dago, bost punturekin. Sailkapenaren buru Zarautz A taldea da, sei punturekin eta bigarrena Gros C, 5,5 puntu batuta.
Txapelketako hirugarren jardunaldia datorren zapatuan jokatuko dute taldeko xakelariek Hondarribiko Marlaxka kultur etxean. Jardunaldi gogorra eta zaila aurreikusten dute Azkoitiko xakelariek.
Bestalde, atzo, Hondarribian Teknifikazio Jardunaldiak izan ziren, Gipuzkoako Xake Federazioak antolatuta. Saio horietan Aritz Soraluzek hamazortzigarren egin zuen hamabi puntu lortuta. Lucia Valorrek, berriz, hogeigarrena egin zuen hamabi punturekin eta Denis Valorrek 24. hamar puntu eskuratuta. Jardunaldi horietan 35 xakelarik parte hartu zuten.