Igandean ezagutuko da XI. Anaitasuna-Kakute Kopako txapeldun berria

Bi finalerdiak eta final nagusia igandean jokatuko dituzte. Era berean, klubak jakinarazi du martxoaren 28an Gurea pilotalekuan jokatuko dutela Gaztedi Finala.

Datorren igandean jokatuko dituzte XI. Anaitasuna-Kakute Kopako finalerdiak eta finala. Finalerdi batean Markel Vesga eta Juan Carlos Valor izango dira aurrez aurre, eta bestean, Anibal Fernandez eta Igor Altolagirre. Bi norgehiagoketan, jokalariek bost minutuko lau partida jokatuko dituzte, eta berdinketa baldin badago, bosgarren partida bat jokatu beharko dute.

Urduritasuna eta tentsioa baretzeko atsedenaldi labur bat egin ondoren, final nagusia eta hirugarren zein laugarren postuak erabakitzeko partidak jokatuko dituzte. Partidak 16:00etan hasiko dira, eta COVID-19aren aurkako neurriei jarraituta, ikuslerik gabe jokatuko dituzte. 

Gaztedi Finala

Bestalde, Anaitasuna-Kakute xake taldeak jakinarazi du Gaztedi Finala Azkoitian jokatuko dutela; martxoaren 28rako jarri dute data Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Osasun neurriak ahalik eta gehien zaintzeko asmoz, xake federazioak eta klubak erabaki dute maila bakoitzeko finalean lau taldek bakarrik parte hartu ahal izango dutela. Beraz, guztira zortzi talde lehiatuko dira.

Dagoeneko publiko egin dituzte txapelketako parekatzeak, eta Anaitasuna-Kakute talde azkoitiarrari Hondarribia-Marlaxka kluba egokitu zaio. 

2019. urtean Azkoitian jokatutako edizioan talde askok parte hartu zuen, baina lehiaketa bera eta neurriak asko murriztea ekarri du pandemiak. Besteak beste, taldeen autobuseko sarbidea kenduko da, xakelariek ezingo dute nahieran mugitu pilotalekuan, maskarak, gela, segurtasun distantziak, markatutako sarrera-irteerak, eta abar izango dira. Halere, guztia prest dago lehiaketa jokatu eta gaztetxoen ilusioa gauzatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide