Anaitasuna Kopako finalerdiak, zehaztuta

Markel Vesga eta Juan Carlos Valor arituko dira batetik, eta bestetik, Anibal Fernandez eta Igor Altolagirre. Anaitasuna Kakute xake taldeak bi ordezkari sartu ditu txapelketako lau onenen artean: Fernandez eta Valor.

Joan den asteburuan zehaztuta gelditu ziren 2021. urte honetako Anaitasuna Kopako finalerdiak. Alde batetik, Markel Vesga (Santikutz-Legazpi) sailkatu da, Carlos Sanchez azkoitiarrari irabazita. Juan Carlos Valor azkoitiarra izango du finalaurrekoan aurkari Vesgak; Valorrek Denis Valor menderatu zuen derbian.

Koadroaren beste aldean daude Anibal Fernandez azkoitiarra eta Igor Altolagirre hondarribiarra. Fernandezek Hodei Herreari (Hondarribia-Marlaxka) irabazi zion. Altolagirrek, berriz, Markel Kerexeta (Zubi Ondo-Elgoibar) gainditu zuen.

Txapelketa gero eta estuago ari da jartzen, eta lau jokalari horietatik aterako dira Anaitasuna Kopako bi finalistak; hirugarren eta laugarren postuetako partida ere jokatuko da. Lau xakelariak Anaitasuna Kopa eta Anaitasuna Kakute xake taldearen banderaren bila arituko dira datozen egunetan. Bi xake partidak aurrez aurrekoak izateari lehentasuna emango zaio, beti ere, publikorik gabe eta osasun neurri guztiak beteta. Posible ez bada, online jokatuko dira partidak. Nolanahi ere, emozioa eta giro ona ziurtatuta daude. 

Garaikurrak eta xake taldearen bandera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide