Gaztedi txapelketan hobetzen jarraitzen du Anaitasuna Kakute xake taldeak

Garaipena lortu du taldeak hirugarren jardunaldian. Parte hartzen ari diren bederatzi taldetatik lauk lortuko dute finalerako sailkapena, eta bigarrenak dira momentuz.

Herenegun, larunbatean, Gaztedi Kutxa Fundazioa Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zuten Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek. Taldeak lana gogotik egin zuen, eta amaieran garaipena lortu zuen. Garaipenari esker, eta azken jardunaldiaren faltan, sailkapenean bigarren postuan jarraitzen dute azkoitiarrek. Bederatzi taldetatik lauk lortuko dute Gaztedi Kutxa Fundazioa Txapelketako finalera sailkatzea.

Parte hartzaileek erabakitzen dute txapelketarako taldea nola eratu. Anaitasuna Kakute xake taldearen kasuan, Anaitasuna Kakute bezala ari gara parte hartzen klubeko kideak diren Denis, Aritz eta Lucia. Halere, Legazpiko Santikutz taldeko Markel gonbidatu dugu eta aurten parte hartu ez duen Azpeitiko Xaputarrak xake taldeko Cretu eta Aner ere batu dira taldera. Oso eskertuta gaude beraiei egiten duten ahaleginagatik. Intentsitate handiko zapatu politak ari gara pasatzen, eta bereziki, gaztetxoak distantziara lehiatu daitezke, nahiz eta badakigun ez dela berdina.

Bien bitartean, Katturen omenezko 36. memoriala prestatzen jarraitzen dugu klubean. Aurten, online jokatuko da txapelketa. Zazpi txandatan banatuta jokatuko dira partidak, eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Jokalari bakoitzak, bost minutuko partidak jokatu ahalko ditu. Abenduaren 27an, berriz, Gabonetako XXII. Jaialdia antolatuko dugu eskola mailako haurrentzat, hori ere online.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide