Anaitasuna Kakute xake taldeko kideek galdu egin zuten joan den asteburuan Beasaingo Alfil Elkartearen aurka. Euskal Ligara igotzeko borrokan bete-betean dago sartuta talde beasaindarra. Ion Kuendek amaitu zuen partida lehena; gertu izan zuen garaipena, baina irabazteko jokaldian ez zuen asmatu eta galdu egin zuen. Hector Sanchezek, berriz, ez zion aukerarik eman aurkariari, eta neurketa berdintzea lortu zuen. Valorrek galdu egin zuen irabazi beharreko partida, eta Anibalek ez zuen lortu partida berdintzea.
Jose Luis Fernandez Anaitasuna Kakuteko xake taldeko presidentearen iritziz "bidegabeko porrota" jaso zuen taldeak. "Aurkaria zoriondu nahi dugu, pertsona onak izateaz gain, merezi baitute igoeragatik borrokan egotea; guk, berriz, lan gehiago egin beharko dugu", gehitu zuen Fernandezek.
Anaitasuna Kakute taldeak 11. postuan da orain, 13 punturekin. Kutxa Liga amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, estuasunetik atera beharrean da taldea. Datorren asteburuan Donostiara egingo dute bidaia Baiona taldearen aurka jokatzeko.