Mozioaren testua:
"Oletan ere EZ!" Herritarren kolektiboak Mozio hau idatzi du, hemen onartu dadin, honako hau oinarri hartuta:
ARRAZOIEN AZALPENA
Herritarren parte hartzea ezinbestekoa da trantsizio energetikoa aurrera eramateko eta klima- eta baliabide-krisi larriari aurre egiteko. Eguzkia, haizea, ura, lurraldeko biztanle guztien ondasun komunak dira eta, horregatik, euren aprobetxamenduak sortzen duen aberastasuna partekatzeko aukera izan behar dute.
Hala ere, egunez egun ikusten dugu gobernuak argi berdea ematen diela zentral fotovoltaikoen eta eolikoen proiektu pribatuei, berriztagarrien burbuila eragin duelarik. Proiektu horiek bermatu beharko lukete EAEko paisaia babestea, nekazaritza, turismoa eta kultura garatzea, bai eta energia demokratizatzeko eta trantsizio justua izateko eskubidea ere, energia bezalako oinarrizko ondasun bat berriro enpresa handien eskuetan jarriko ez duena.
Gure erkidegoan ezartzen ari den eredua lurraldeak eskala handiko proiektu berriztagarriekin betetzen du. Eredu hau suntsitzailea da paisaiarentzat eta bioaniztasunarentzat, eta, gainera, energia bezalako funtsezko ondasun bat demokratizatzeko aukerak zapuzten ditu.
Europako azken neurriek lehentasuna ematen diote bioaniztasunaren kontserbazioari, planetako bizitzaren berme gisa.
Horregatik, beharrezkoa eta premiazkoa da plan autonomikoak onartzea. Plan horiek ahalik eta gardentasun eta parte-hartze handienarekin egin behar dira, energia-ekoizpenean herritarrek parte har dezaten eskatzen duten Europako zuzentarauetara egokituz.
Lur horietan energia berriztagarriko zentralak jartzeak arrisku larrian jarriko lituzke gure mendietako landaredia eta fauna, martxan dauden instalazio eolikoetan gertatzen ari den bezala, bertan milaka hegazti, saguzar eta beste espezie batzuen heriotza ukaezina baita.
Buruzaiko proiektuko haize-sorgailuetako batetik hurbil Iruarrietako estazio megalitikoa dago. Gehieneko sentikortasun-eremua da, parkearen barne-konexioko bideak zeharkatzen du, kultura-ondasun gisa katalogatuta dago eta 137/2003 Dekretuak babesten du. Lege-irudi horrek babes ekologiko berezia eskatzen du.
Buruzai proiektuarekin nabarmen kaltetuko dira:
1. Tokiko bioaniztasuna, ekoizpen-planta horien inguruan eraikitzen diren errepideengatik; izan ere, zentral eolikoak lur-mugimendu handiak behar ditu, inguru topografiko malkartsuan garatzen baita.
2. Oreka naturalaren egoera betiko eraldatuko da bide berrien, plataforma, zanga eta lerro elektrikoen eraikuntzarekin eta/edo egokitzearekin. Honek dakarren landaredia kentzea, kutsadura akustikoa, bisuala eta elektromagnetikoa, biztanlerian eta faunan eragina izango du.
3. Lasaitasun publikoa, bizi-kalitatea eta ingurumen-osasuna, natura-baliabideen, ekosistema baliotsuen (Batasunaren-intereseko habitatak, bertako espezieen basoak) eta espezie esanguratsuen (bereziki hegaztiak eta saguzarrak) eraldatzearen ondorioz.
4. Inguruko kultura-ondarea, aitortutako ustezko 22 arkeologia-guneak barne.
5. Abeltzaintza eta/edo nekazaritza eta abeltzaintza erabilerako ur-iturri ugariak, baita lurrazaleko ur-bilketak ere.
6. Mendizaleen ibilbideek sentsibilitate handia dute ikuspenari dagokionez, batez ere Iruarrietako estazio megalitikoarekin eta Loiolarako erromesaldiekin lotutakoak (GR-120 eta GR-286).
7. Hegazti migratzaileen korridoreak, pagausoen eta beste espezie batzuen ohiko igarobide ezaguna baita.
Testuinguru horretan, energia berriztagarrien instalazio horiek gure herri eta mendiak bereziki kaltetzen ari dira, paisaiari, faunari eta herritarren bizimoduari eragiten baitiete eta gardentasunik gabe egitearen ondorioz ezin dute beren lurraldeetan aurreikusitako proiektuei buruzko informaziorik jaso.
Era berean, Udal honek ezin du ahaztu Azkoitiko paisaia eta landa-ingurunea zaintzeko duen eskumena, naturaz gozatzeko eta bioaniztasuna eta ingurumena zaintzeko aukera ematen baitute, bizi garen garaiotan inoiz baino beharrezkoagoak bihurtu diren eskubideak.
MOZIOA
Guzti honengatik:
1- Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten lau alderdien ustez, "zentral eolikoa ez da onargarria". "Proiektu hau ez da onargarria, aerosorgailuak instalatu nahi diren Azkoitiko udalerriko mendietan kalte handiak eragin ditzakeelako".
2.- Azkoitiko Udala, bildutako 1.000 sinadura baino gehiagok abalatuta, Capital Energy enpresak Oleta eta Izazpiko gailurretan lau haize-errota eraikitzeko aurkeztutako proiektuaren aurka dago, eta eskura dituen legezko baliabide guztiak erabiliko ditu proiektuari aurka egiteko, inguruneko kultura-, natura-, aisialdi-, geologia- eta biologia-ondareei kalte larria egiten baitiete.
3.- Azkoitiko Udalaren Osoko Bilkurak EAEko Gobernuari eskatzen dio bertan behera utz ditzala zentral eoliko handien instalazioari lizentziak emateko izapideak eta baimenak, harik eta EAE osorako energia-plan globala izan arte. Plan hori herritarren parte-hartze zabalarekin egin eta onartu behar da, Europar Batasuneko zuzentarauek lehentasunezkotzat jotzen duten energia-erkidegoak sortzea betetzearren.
4.- Azkenik, proiektuaren eraginpeko herriei elkarrekin lan egitea proposatuko die. "Buruzaiko zentral eolikoaren proiektuak Azkoitiko udalerri mugakideei eragiten dienez (Zumarraga, Urretxu, Ezkio-Itsaso eta Azpeitia), Azkoitiko Udalak udalerri horietako udalei jakinaraziko die proiektu honek eragin ditzakeen kalteen aurkako lan tekniko guztia elkarrekin egiteko prest dagoela.
5- Eta gaurtik hasita, eraikin publiko denetan, energia subiranotasuna lortzeko bidean, energia berriztagarriak ezartzeaz gain, kontsumoa murrizteko neurriak hartzen hasiko gara, herritar denei, bide bera jarraitu dezaten, behar duten laguntza eta erraztasunak eskainiz. Adibide bezala, eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeari ekingo diogu, eta herri osora zabaldu, herriko eraikinetako teilatu denetan plaka hauek jartzea ahalbidetuko luketen arau aldaketa abiaraziz.