Festetan ere...

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2025ko abu. 20a, 06:03

Andremarietako txupinazoaren unea plazan.

Abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatutako herriko jaietan, berriro ere argi geratu da askotan ospakizunaren eta elkarbizitzaren irudiaren atzean ezkutatzen den lan prekarietate gordina. Festetan, langileon lan baldintza ugari muturreraino kaskartzen dira lanordu amaigabe, lan intentsitate areagotze, arrisku… bidez.

Horren adibide bat besterik ez dugu abuztuaren 15ekoa: bero bolada bete-betean eta tenperaturak 41 gradutara iritsita, udalak kontratatutako enpresa baten bidez haur tailerrak antolatu eta gauzatu ziren. Langileek enpresa arriskuaz ohartarazi bazuten ere, haien abisuei ez zitzaien inon jaramonik egin eta lan egitera behartu zituzten. Tenperatura altu horien ondorioz, langile batek bero kolpe bat izan zuen eta anbulantzia batean Azpeitiko anbulatoriora eraman behar izan zuten berehalako arreta jasotzera. Are gehiago, beste hainbat langilek ere ezin izan zuten lanean jarraitu beroak eta lan baldintza eskasek eragindako zorabioen eta ondoezen ondorioz.

Gertatutako hau ez da kasu isolatu bat, harreman kapitalista prekarioen adierazpen muturrenetakoa baizik. Eta langile horiei bezalaxe, beste edozeini gerta ziezaiokeen. Gehienontzat festa eta jai egunak diren hauetan, jaiak sostengatzen dituzten hainbat langilek baldintza ahuletan egiten dute lana, gehienontzat ikusezina dena, baina hiri eta herri guztietan ematen dena. Eta nola ez, jai kapitalistak ez dira topagune neutroak: esplotazio-sistemaren engranaje bat gehiago dira. Bertan, batzuk atsedena eta dibertsioa bilatzen duten bitartean, beste batzuk nagusien diru goseari erantzunez baldintza guztiz prekarioetan lan egitera behartuta daude.

Honen aurrean, lanean jarraitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu guztiok zerbait ospatzeko, besteak beste, lan baldintza prekarioak, harreman arrazistak eta jarrera matxistak gaindituko dituen festa eredu batzuen alde borrokatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide