Pobretze orokortuaren aurrean, beharrezkoa da elkartasun sareak sortzea

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista

Kontseilu Sozialistak egindako oinarrizko produktuen bilketa bat.

Esklabetako oinarrizko produktuen bilketa azaroaren 7an, 9an eta 10ean egingo da.

Europar kapitalismoa krisian dago eta hori agerian uzten dute azken asteetan Europako hainbat herrialdetan ikusten ari garen protesta handiek, izan Frantzian, Italian, Albanian edo Espainian. Langile klasea pobretze orokortua bizitzen ari da: etxebizitza, erosketa saskia, erregaiak, argindarra eta gasa… izugarri garestitu dira azken urteetan. Gainera, langile klaseari bideratutako zerbitzuen kaskartze nabarmena bizi dugu, hezkuntza kalitatearen eta osasun sistemaren saturazioa, besteak beste.

Fenomeno hauek, ordea, kapitalismoaren eta oligarkiaren intereserako hartutako neurrien ondorio dira. Oligarkiak berrarmatzeko apustua egin du eta ofentsiba inperialistan sakondu dute bizitza izugarri garestitu dituen gerrak eraginez, izan Ukrainian edo Iranen. Beraz, argi geratzen da baliabideak egon badaudela, baina dauden bitartekoak beste auzi batzuetara bideratzen dituztela.

Bizitzen ari garen pobretze orokortuari autoritarismoaren gorakadarekin erantzun diote, eta Europako estatu guztiak eskubide politikoen murrizketan sakontzen ari dira. Adibidez, Frantziako estatuan, azken protestak gutxitzeko, etxeratze agindua ezarri zuten. Bien bitartean, estatuen autoritarismoari zuzenki lotuta doan faxismoak krisi honek eragindako haserrea zentzu erreakzionarioan norabidetu nahi du, eta gero eta ugariagoak dira kaleetan gertatzen diren eraso arrazistak eta klasistak.

Pobretze orokortuaren aurka eta langileon eskubideen alde aurrera ematen ari diren protesta hauek norabide egokian bideratu eta zenbait alderdi politikori joku elektorala ez egiteko, beharrezkoa da langile klasearen antolakuntza sendo independente bat izatea. Azaroaren 11ko greba orokorrean ekarpena norabide horretan egin nahi dugu eta horretan gabiltza Urola Erdiko Kontseilu Sozialistakoak azken asteetan.

Eskualdean krisi honen ondorio larrienak jasaten dituzten pertsonekin elkartasun sareak sortu, lagundu eta antolakuntzara batzeak berebiziko garrantzia dauka, eta horretan ari gara Oinarrizko Biltegitik. Horregatik, aurtengo ikasturteko lehenengo bilketa egingo dugu Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako saltokien aurrean, azaroaren 7an, 9an eta 10ean.

Hona hemen, bilketaren egunak eta orduak (hiru herrietan egunero):

  • Azaroaren 7a, larunbata, 10:30-13:00.
  • Azaroaren 9a, astelehena, 17:30-20:00.
  • Azaroaren 10a, asteartea, 17:00-20:00.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide