42 urte Pasaiako sarraskitik: oroimena borrokan eraiki

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2026ko martxoaren 15a

Datorren zapatuan, hilak 22, Espainiako Estatuak Pasaiako badian erail zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kideak oroitzeko ekitaldia egingo du Kontseilu Sozialistak, Esklabak Zentro Sozialistan. 13:30ean hasiko da ekitaldia.

Duela 42 urte, 1984ko martxoaren 22an, Espainiako Estatuak Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide erail zituen Pasaiako badian, tartean Kurro eta Pelitxo azpeitiarrak.

Euskal Langile Mugimenduaren sinbolo bilakatu diren kideei 113 bala sartuta, estatu aparatuek mendekua hartu zuten egun hartan; izan ere, ia hilabete bat lehenago, otsailaren 23an, komandoek Enrique Casas hil zuten. Euskal Herria jasaten ari zen errepresio gordinaren erantzule zuzen modura identifikatzen zuten komandoek Casas –Junta de Seguridad del Pais Vasco izeneko erakundearen parte zen Casas. Organo hori gobernu zentralak (PSOEren gidaritzapean) eta autonomikoak batera eratu zuten "segurtasuna" bermatzeko–. Horretarako, Rosa Jimeno atxilotu eta bortizki torturatu zuen Espainiako Poliziak. Modu horretan, komandoetako kideei segada antolatu zien poliziak. Gerokoa ongi ezagutzen dugu denok: sarraski hutsa.

Norbaitek galdetu du agian nola den posible gertaera hura trantsizioa amaitu ondoren jazo izana. Hori dioenak agian ez du jakingo trantsizio ondorengo urteak ere errepresioz beteriko garaiak izan zirela Euskal Herrian; izan ere, legitimazio arazo larriak eta gatazka sozialaren zein nazionalaren intentsitatea tarteko, Espainiako Estatuak militanteak atxilotzen, torturatzen eta erailtzen jarraitu zuen. Hori gertatu izanak ongi erakusten du jakin behar duguna: edozein modu erabiliko dutela kapitalistek eta beraien zerbitzura dagoen estatuak beren irabaziak eta ordena soziala mantentzeko, eta adi ibili beharko duela inposatu nahi duten miseria ekonomikoa zein morala onartzeko prest ez dagoenak.

Horrez gain, Pasaiako sarraskia gogoratzeak balio behar du, memoria ariketa hutsetik harago, langile borrokaren gaurkotasuna aldarrikatzeko. Izan ere, euskal langile klaseak zapalkuntza nazionala zein soziala jasaten jarraitzen du oraindik. Zentzu horretan, uste dugu lau militante erailei egin ahal diegun ekarpen handiena dela, gainera datorkigun gerrak eta faxismoak ezaugarrituriko garaian, kapitalismoaren aurka borrokan jarraitzea, zapaldurik eta zapaltzailerik egongo ez den etorkizun bat aldarrikatzen, gero eta jende gehiagok berriro helburu hori lorgarria dela uler dezan, eta ez Pasaiako badian hil ziren gazteen amets hutsa.

Aurten, beste urte batez, ekitaldia egingo dugu Esklabak Zentro Sozialistan, 13:30ean, ez ditugula ahazten erakusteko, eta haiek hasi zuten bidea jarraitzeko prest gaudela adierazteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide