Azkoitiko Trenbidearen Zumardian bizi den herritar batek kexa agertu du iluntzeetan inguru horretan ohikoak bilakatu diren hainbat gertaera direla eta. "Udako oporrak iritsi dira, eta gazteek ondo pasatzeko eta lagunekin gozatzeko aukera dute. Hori guztiz normala eta pozgarria da. Baina iluntzea iristean dena aldatzen da Trenbidearen Zumardian", adierazi du.
Azken egunotan "hainbat jokabide desegoki" atzeman dituela nabarmendu du: "Etxebizitzetako txirrinak jo eta korrika alde egitea, txirrina pipekin blokeatzea etengabe jotzen jarrai dezan, etxeetara globoak edo bestelako gauzak botatzea eta bizilagunak nahita gogaitzea". Horrelakoek graziarik ez dutela egiten adierazi du herritarrak: "Horrelakoek ez dute barregurea eragiten; alderantziz, errespetu falta besterik ez dute adierazten eta auzokoen lasaitasuna kaltetzen dute".
Horren harira, gazteei mezu bat eman nahi die herritarrak: "Ondo pasatu oporrak, gozatu lagunekin eta luzatu gauak, sortu oroitzapen politak, baina beti besteak errespetatuz. Primeran pasatu daiteke inor molestatu gabe".
Gurasoei ere dei egin nahi die kexa bidali duen herritarrak: "Denok gustura bizi nahi dugu gure auzoan, eta ziur inork ez lukeela nahi bere etxean horrelakoak jasatea".