Altzibar auzoko Urrategi Ama plazako bizilagun batek Gukaren erredakziora jo du, usoak tarteko plaza horretako etxeetan dituzten arazoei aterabidea emateko udalaren laguntza behar dutela eta. Hark azaldu duenez, usoen populazioa kontrolatzeko neurriak hartzen dituzte erakundeek, eta Azkoitiko Udalari ere egin diote eskaera; ez dute, baina, erantzunik jaso gaur-gaurkoz.
Honako hau da herritarrak Gukara bidali duen salaketa mezua:
"Inor ez da harrituko gure herriko kaleetan bizi den uso populazioa gehiegizkoa dela esanez gero. Edozein lekutan daude, eta nahiko lotsagabe agertzen dira terrazaren batean zerbait hartzen baldin bazaude. Zabaltzen duten zikinkeria ere agerikoa da.
Baina ez nator terrazez hitz egitera. Gure auzoan, Altzibarren, eta batez ere gure etxepean (Urrategi Ama Plazako 2. zenbakian) arazo larri samarra bihurtu zaigu. Izugarrizko uso kopuruak batzen dira gure teilatuan, aurrean dagoen baserri ingurura begira. Hainbat leihotako txapaldetan hildako usoak agertu dira; hainbat alditan erori edo jaitsi izan dira tximiniko zulotik igogailuaren zulora, eta honek igogailuan matxurak ekarri dizkigu; etxe bateko su plaken gaineko extraktorearen plaketan hildako uso bat agertu zen.
Gure aldetik neurriak hartu ditugu; tximini eta teilatu zulo denetan sareak jarri ditugu. Baina teilatuan kalteak eragiten jarraitzen dute beraien zirinarekin.
Urteko auzokideen bileran (bost bebarruk osatzen dugun elkartea) gaiari buruzko kezkak eta ezinegonak azaldu ziren, eta gure adminstratzaileak udalean idatzi bat aurkeztu zuen, egoeraren aurrean laguntza eskatzeko. Ez dugu erantzunik jaso.
Jakina da, herri askotan, horrelako 'izurriteen' aurrean, usoen populazioa kontrolatzeko (antzutzeak egitea, adibidez) neurriak hartu dituztela. Laguntza eske gatoz, jaso ez dugun erantzun baten bila, herritar bezala.