Santa Klara kaleko bizilagun batek Gukaren Kejie eta desditxie kanala baliatu du Azkoitiko udal arduradunei galdera bat egiteko. Hark galdetu du udalaren araudiak zer dioen ibilgailu bat aparkaleku publiko batean mugitu gabe egon daitekeen denboraz. Izan ere, Santa Klara kalean denbora luzez geldirik dauden hainbat auto direla esan du. Hona hemen herritar horrek Gukaren erredakziora bidali duen testua:
"J. E. naiz, Santa Klara kaleko bizilaguna, eta idatzi honen bidez Azkoitiko Udaleko arduradunei galdera bat helarazi nahi diet. Zehazki, jakin nahi nuke zenbat den Azkoitiko Udalaren araudiaren arabera ibilgailu bat aparkaleku publiko batean mugitu gabe egon daitekeen gehienezko denbora. Izan ere, gure inguruan badira denbora luzez leku berean geldirik dauden ibilgailuak, eta egoera horrek espazio publikoaren erabilera egokia oztopatu dezakeela iruditzen zait.
Halaber, interesatzen zait jakitea nori dagokion halako balizko arau hausteen kontrola eta jarraipena egitea. Uste dut ez dela bidezkoa kontrolaren ardura herritarren gain uztea, eta haiek banaka salaketak jarri behar izatera behartzea. Interes orokorreko gaia delakoan nago, eta administrazioak berak izan beharko luke egoera horiek zaindu eta, hala badagokio, neurriak hartzeko ardura. Eskertuko nuke udalak gai honen inguruan informazio argia ematea, herritarren ezagutzarako eta elkarbizitza egokiaren mesedetan".