"Atzo, urtarrilaren 19an, San Martin auzoaren goialdera nindoan autoan 16:00etan, eta behin-behineko sarrera bakarra dagoen errepidea itxita aurkitu nuen kamioi batek bidea guztiz oztopatzen zuelako. Ordu laurden bat inguru zain egon behar izan nuen autoarekin auzora sartu ahal izateko. Larrialdi baten aurrean, esaterako, anbulantzia batek bertatik pasatu behar badu, zer gertatuko litzateke?
Behin kamioiak libre utzi zidanean, berriz, aparkatzeko lekurik ez nuela jabetu nintzen. Auzoan egiten ari diren obretako hiru auto han aparkatuta zeuden, eta nik, San Martingo bizilagunak, ezin izan nuen aparkatzerik izan, bertako karteletan jartzen badu ere aparkalekuak esklusiboki auzotarrentzat direla. Beraz, obretako langileek ez diete beraiek jarritako kartelei jaramonik egiten.
Eguna joan eta eguna etorri, egoera berarekin aurkitzen gara auzotarrok. Askok beharrezkoa dugu autoa erabiltzea, kontuan hartuta, gainera, herriaren goialdean bizi garela eta bizilagun asko edadetuak ere badirela. Baina komeriak izaten ditugu aparkatzeko, eta azkenean, ahal dugun moduan utzi behar izaten ditugu autoak. Ondorioz, San Martingo bide bazterrak autoz beteta daude, eta horrek itxuran ez ezik, auzotarron segurtasunean ere eragiten du, geroz eta leku estuagoa dugulako oinez edota autoarekin pasatzeko".

