"Herri tristea eta abandonatua"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2025eko abenduaren 16a

San Martin kaleko hainbat etxebizitza.

Herritar bat kexu agertu da, Azkoitiko mantenu lanek ez dutelako "ongi funtzionatzen". Herria "gero eta utziagoa" dagoela ikusten du hark. 

Bada denbora bat besterik entzuten ez dugula: irisgarritasuna gora eta behera. 
Egia da udala lan egiten ari dela gai horren inguruan: San Martinera igogailua, Floreaga auzora igogailuak, arrapalak edonon, espaloiak jaitsita... Dena ondo? Herriko espaloiak eta errepideak egoera onean egongo balira bai, baina ez da hala.

Gure herrian mantenu lanak ez dute oso ongi funtzionatzen: denok dakizuen bezala, lau urtean behin egiten dute errepidetako mantenua (hauteskunde aurretik), eta nabarmena da ez dela nahikoa izaten. Adineko pertsonak gurpildun aulkietan ateratzen ditugunok badakigu hori, hor ibiltzen gara zebrabideetako zuloak saihesten, zuloak pasatzen, gora eta behera, ezker eta eskuin... Hemen bidaltzen ditut argazki batzuk, baina hori herriaren zati txiki bateko isla besterik ez da. Plazaberrin, Etxe Beltz aldeko espaloiak errusiar mendia dirudi, lotsagarria.

Espaloietan baldosak falta dira, eta ondorioz, zuloak daude. Badakit udala proiektu bat egitekoa dela Plazaberrin (asmoa ba zen behintzat), eta obra nahiko handia izango dela, baina bitartean zerbait egiterik egongo da, ezta?

Ez dakit zuei zer iruditzen zaizuen, baina nik herria gero eta utziagoa ikusten dut: auzo askotan daude gauzak puskatuta, eta badirudi udalak ez duela ikusten. Arratoiak eta labezomorroak...

Alde Zaharrean etxeak erortzen ari dira, eta oso itsusi egiten dute herria. 
Udalbatza hamazazpi azkoitiarrek osatzen duzue, gogorarazi herriak aukeratuak izan zaretela. Komeni zaizuenean boto eske etortzen zarete, baina bueltan emaitzak nahi ditugu. Beraz, utzi zuen liskarrak alde batera eta hasi elkarlanean, berdin zait nor dagoen agintean eta nor egongo den hurrengoan; nik ez dut horrelako herri triste eta abandonatua ikusterik nahi.

Ipintzatik hasi eta Munategirainoko ibilbidea egitea proposatzen dizuet, auzo eta kaleak ondo begiratuz. Lurrera begiratu, mesedez, eta ez Gabonetako argietara. Eta gogoratu Azkoitiko herria ez direla plaza, eliz ataria eta Intsaustiko jauregia bakarrik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide