"Bart gaueko 23:40 inguruan, familiako batzuekin afaldu ostean, Gurutze Gorriko zeregintxo bat egitera joatea erabaki nuen, anbulantzia berriarentzat soporte bat prest utzi nahian. Nik uste bezain erreza ez, eta pixka bat luzatu zitzaidan… Horretan ari nintzela, ezin gauzatuan, hizketa hotsa entzun nuen. Garajeko atera irten eta Urola Erdiko bospasei gazte pasatzen ikusi nituen, bat edo beste aurpegia estalita. Ez nuen ezer txarrik pentsatu. Ni neurea ezin gauzatuta nenbilela medio, atzera anbulantzian sartu, eta pentsatutako lana bukatu nuen, anbulantzia txukun eta prest utziz.
Goizaldeko 01:00 ingurua izango zen guztia jaso eta etxera abiatu nintzenean. Eta etxerakoan...hara! Atzeko pareta pintatu berrian idatzitxoa: Badago alternatiba.
Benetan ere alternatiba dagoela… Barruko mina eragin zidan. Azken hilabeteetan Urola Erdiko boluntarioek beren ordu libreak baliatu dituzte Azkoitiko Gurutze Gorriko eraikina margotzeko, eta lanak amaitzear zirela, horra aldarrikapen oparitxoa.
Jaio nintzenetik dakit nik egoera, bide, lanbide, politika, eta giza ekintzetan beti dagoela alternatibaren bat, ez dut inoren konfirmaziorik behar. Gaur alternatiba bat hautatu beharrean naiz, Ertzaintzan edo Udaltzaingoan salaketa ofiziala jarri eta identifikazio prozesuan sar nintekeelako. Baina, beraien parean jartzea komeni ote?
Alternatiba hitzarekin ez dakit zer bide adierazi nahi duten… Alternatiba idaztea gauza hutsa da. Zuzen edo egokitzat duguna landu egin behar da, eta pentsatzen dugun horren helmugaraino iristeko lan asko egin beharra dago, asko eta asko isilpekoak.
Giza legetasun eta jatorrean sinesten dut. Izan zoriontsu eta gozatu besteei on egiten eta laguntzen".