"Orain dela pare bat aste Bastarrikaldeko bizilagun batek idazten zuen moduan, gaurkoan nire kexa azaldu nahi dut:
Atzokoan ere ekitaldi bat izan zen Baztartxo antzokian, eta nola ez, ordutegi mugatuarekin goiko frontoia ireki zuten autoak aparkatzeko; gaur 08:00tarako autoak bertatik atera behar ziren.
Gaur, 08:00etan gosalduta beste gauza batzuk egiten ari nintzen ni lasai asko, autoa non aparkatuta nuen ahaztuta. Gero, txakurrarekin pasieran nindoala, han ikusi dut nire autoa txartel arrosa bat kristalean zuela: 20 euroko isuna, hamabost egun igaro baino lehenago ordainduz gero. Ez da asko, baina benetako amorrua ematen du.
Amorrua ematen du autoen gaineko zergak ordaintzen ditugulako, eta aparkatzeko nahiko lekurik ez dagoelako gure kalean. Amorrua ematen du kale honetako bizilagunon igande goizeko lehen ardura autoa lekuz mugitzea izan daitekeelako. Eta amorrua ematen du danborradako entsegu edota kooperatibako orga banaketa egunetan, adibidez, autoak espaloi gainean lasai aparkatzen direlako, inongo isunik gabe.
Ondo dago "modan" dauden gaiei (parke estalia, teniseko pista estaltzea, igerilekua...) irtenbidea ematea. Baina noizko herritarrok ditugun "arazo arrunten" erantzunak?
Azkenik, barkamena eskatu nahiko nioke gaur goizean telefonoa hartu didan udaltzainari, hark ordaindu baitu nire haserrea".