"Goiko-Losa pilotalekuak bi arazo ditu gaur egun. Frontisaren gaineko sareak hiru zulo handi ditu, eta hori horrela izanda, pilotak sarean katigatzen zaizkigu eguna joan eta eguna etorri palaz jokatzen dugunoi; izan ere, frontisa asmatzen ez dugun kasu ia guztietan pilotarik gabe gelditzen gara. Era berean, kantxaren gainean dagoen sarea tenkatu beharrean dagoela irizten diogu. Pilota ondo jotzen den tantoetan, goiko sarea jotzen du pilotak, bere abiadura aldiro moztuz eta tantoa galduz. Horrela, ez dago kirol hau behar bezala gozatzerik.
Ekainean jo genuen lehendabizikoz udaletxera, pilotaleku horretako sareen egoera zein den azaltzeko asmoz; lanak egingo dituztela esan ziguten orduan. Uda osoa igaro ondoren, irailean jo genuen berriro udaletxera, eskaera berdinarekin. Lau hilabete pasatu dira ordutik, eta oraindik lehengo egoera berean jarraitzen dugu. Kontuan hartu behar da, gainera, egun gutxi barru abiatuko dela Azkoitia eta Azpeitia arteko pala txapelketa.
Azkoitian oso erraz inbertitzen da azpiegituretan, Oteiza pilotalekuen mantenuan, esaterako. Halere, alferrik da horrenbeste inbertitzea, herri erdian, plaza nagusian, dagoen pilotaleku bat behar bezala mantentzeko gai ez bagara".