Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: 'Izenetik izanera gogoa zubi'

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2021ko mar. 3a, 08:00

Isuna auto batean. (Argazkia: Pixabay)

Ioritz Gonzalez Lertxundi Maxixatzeneko erabiltzailea kexu agertu da, isuna "gaztelaniaz" idatzita jaso duelako. Hausnarketarako, honako idatzia bidali du Maxixatzenera: 

"Ukaezina da Azkoitia herri euskalduna dela. Alabaina, euskararen aldarrikapenak ezin du eten. Dakigunok, dakitenek, euskara erabiltzea da erronka eta hori lortzeko egiten du lan udaleko Euskara sailak. Azkoitiko Udaletxeko web orritik jasotako hitzak.

Nire autorantz bideratu naiz, eta gerturatzean konturatu naiz isun bat zuela. Amorrua, isunak ez du zentzu handirik, eta ez zuen trabarik egiten, baina tira, ez zegoen ondo aparkatua. Isuna irakurtzen hasi naiz. Pena. Pena handia, bihozmina, isuna gaztelaniaz soilik idatzia.

Oso ondo dago euskarari sail oso bat eskaintzea, euskara mahaia sortzea, eta gure hizkuntzaren alde lan egitea, nola ez. Baina herrian ditugun jarrera batzuek indarra kentzen diete ekimen horiei, eta gehiengoak jarrera horien aldaketa ezinbestekotzat jotzen dugula esango nuke.

Oraingoan ere udaltzainak protagonista, eta ez da lehenengo aldia, zoritxarrez. Nola interpretatu gure udaltzainek euskararekiko duten jarrera? Agian, lan handia da udaltzainei argi esatea gure herrian gehiengoa euskaldunak garela, eta beraz, paperean egiaztatzen duten hori gero kalean aplikatu beharko luketela? Badirudi gure merixo batzuek erdaltzain papera hartu dutela, edo behintzat izenetik izanera koxka handia dagoela…

Azkoitiarra izaki, euskararen arnasgune aitorturiko herriko biztanle bezala, hausnarketa bat partekatu nahiko nuke. Suposatzen dut kontratatzen diren udaltzainak esleipen sistema publiko batean oinarrituz egiten dela, eta guztiei lanpostua lortzeko aukera berdinak eskaini behar zaizkiela, horraino ados. Baina, sistema publikoaren hobebeharrean gure herrian euskararen erabilpena gutxitu dadin utzi behar dugu? Zein da udaltzainak erakusten ari diren eredua? Ez al da bada ezinbestekoa gure administrazioetan euskararen erabilera sustatzea?

Beste hausnarketatxo bat. Imagina dezagun alderantziz. Herri ez euskaldun batean isuna soilik euskaraz idatziko balitz. Eta orduan, ez al diegu ba guk, euskaldunok, garrantzia berdina edo gehiago eman behar gure hizkuntzaren aldarrikapenei? Aldarrika dezagun beraz, arian, arian, xehetzen baita burnia. Ez dezagun ahaztu euskaldunon ikuspegitik herri pribilegiatu batean bizi garela, eta Joxean Artzek zioen bezala, arnasgune izaten jarraitzea geure esku dagoela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide