Kejie ta desditxie

Kejie eta desditxie: "Jokatu zentzuz eta errespetuz"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2020ko api. 26a, 16:06

Gaur, igandea, 14 urtez azpiko haurrek eta gaztetxoek kalera ateratzeko aukera izan dutela eta, hainbat familiak izan duten jarrera salatu du I.G. Maxixatzeneko erabiltzaileak. Hark esan duenez, umeak "elkarrekin" aritu dira jolasean, gurasoak "konfinamenduko anekdotak" kontatzen zituzten bitartean. Hainbat gomendio eman du, denen "arriskua" dagoelako jokoan.

I.G. Maxixatzeneko erabiltzaileak kexa azaldu du, umeak kaleratzen hasi diren egunean "gauzak ondo" ez direlako egin eta "familia osoak" atera direlako kalera, "aginduei muzin" eginda eta "interes pertsonalak" bultzatuta. "Bi ordu igaroak ziren haurrak kalera ateratzeko baimena zutela. Gauzak ondo egingo ziren itxaropen gutxi nuen egia esan, eta nere aurreikuspenak gogotik bete dira", azaldu du. Hark salatu duenez, umeak "elkarrekin jolasean, ukitzen eta igurtzika" ibili dira, gurasoek "konfinamenduko anekdotak" kontatzen zituzten bitartean: "Hau da guraso pila juntatu dena gaur gure kaleetan", esan du.

Maxixatzeneko erabiltzaileak aukera "aprobetxatzeko eta errespetatzeko" deia egin du, hiru puntu azpimarratuta: "Batetik, atera ahal izateak ez du esan nahi egunero atera beharra daukagunik; zenbat eta gutxiago atera, orduan eta arrisku gutxiago izango dugu guztiok. Bestetik, aprobetxatu kilometro bateko erradioa naturarekin kontaktua izateko, pintxiloreak batzeko edo, besterik gabe, paseo bat egiteko. Bakoitzak bere etxepean jo dezala baloia munduko indar guztiarekin eta bota dezala paretara, horretarako ez baitago aldameneko plazara joan beharrik. Eta azkenik, zuen esku dago guztion etorkizuna; jokatu zentzuz eta errespetuz".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide