"Kukuerriko bidea baserri bide bat da bai, baina baita Azkoitia eta Azpeitia lotzen dituen bidea ere. Hori dela eta, beste behin arazoak izan genituen pasa den larunbat eguerdian, 12:00ak inguruan. Argazkietan ikus daitekeen moduan sekulako auto pilaketak sortzen dira Loiolako bidean ezbeharren bat gertatzen den bakoitzean. Jendeak Kukuerriko bidea hartzen du Loiolako auto ilarak saihesteko, baina honek arazoa konpondu beharrean beste arazo bat sortzen du gure auzoan. Argazkiak pasa den larunbatekoak dira baina nahi baino sarriago gertatzen dena islatzen dute. Horregatik, herritarrei erakutsi nahi dizuegu Kukuerri auzoko bidean gidatzeko dugun egoera eskas hau.
Bide hau oso bide estua da eta oso zabalgune gutxi ditu. Horri duen aldapa gehitzen badiozu eta kamioiak ibiltzen diren bidea dela, esan beharrik ez dago zenbat kotxe geratzen diren ezin aurrera eta ezin atzera eginda. Hori dela eta sortzen dira horrelako auto pilaketak.
Gero eta jende gehiago bizi gara, gainera, Kukuerri auzoan eta ez dugu uste herrira jaisteko eta lanera joateko bide eroso bat izatea asko eskatzea denik. Ez da kapritxo soil bat, izan ere, egunerokotasunean eta larunbateko moduko egunetan are eta gehiago, auzokideon segurtasuna arriskuan jartzen da ibilgailuarekin maniobrak egiterako orduan. Larunbat honetako ezbeharrak lanetik etxera bueltan nindoala harrapatu ninduen, eta benetan esaten dizuet beldurra pasa nuela. Eta hori nik ondo ezagutzen dudan eta egunero ibiltzen naizen bidea dela. Imajinatu zuetako edozeinek Loiolako arazoa saihesteko Kukuerriko bidea hartu eta ni bezala harrapatuta geratzen zaretela ezin aurrera eta ez atzera eginda, aldamenean sekulako pendiza eta maniobra egiteko lekurik gabe. Nola sentituko zinatekete? Desberdintasuna da guk ez dugula bide hori kapritxoz edo auto ilara bat saihesteko hartzen, guk bai edo bai pasa beharreko bidea dela etxera iritsi ahal izateko.
Aspalditik gabiltza arazo honekin bueltaka hainbat auzotar, eta udaletxera kexa gutuna idatzi genuen arren, Udal Gobernuak ez digu konponbiderik eman. Hala ere, uste dugu badela garaia honi amaiera emateko eta behingoz arrisku hau desagertzeko herritar guztiontzat. Konponbide integrala bide guztia zabaltzea izango litzake eta badakigu horrek lan eta kostu handia dakarrela berarekin eta ez dela egun batetik bestera egiteko kontua. Baina momentuko irtenbide bezala eskatu nahiko genuke gutxienez Loiolan zerbait pasa dela jakin bezain azkar udaltzainak Kukuerrira igotzea, eta gutxienez beraiek egitea kargu han goian sortzen den desmadrearekin. Zeren horren kargu ere auzotarrok egin behar izaten dugu eta geuk amaitzen dugu beti handik pasatzen diren gainontzeko herritarrei laguntzen. Gu laguntzeko gaude beti, baina uste dugu udaltzainen lana dela hori.
Ahalik eta argazki gehien bildu ditugu herritarroi arazo erreal honen berri ahalik eta garbien azaleratzeko."