"Gaur egun guztiok dakigu plastikoa arazo handi bat dela gure lurrarentzat eta hainbat neurri hartzen hasi gara honi aurre egiteko. Esaterako, hainbat lekutan plastikozko ur botilen kopurua murrizteko neurriak hartu dira, tabernetan eta jatetxeetan kristalezko pitxarrak banatuz. Hauek ura eskatzen duten bezeroei edatekoa bertan zerbitzatzeko balio dute, iturritik zuzenean edalontzira.
Baina Azkoitian taberna batera joaten bazara jatera eta ura eskatzen baduzu, ohikoena plastikozko botila batean zerbitzatzea da. Ez dago ohiturarik iturriko ura edateko. Baina okerrena, zalantzarik gabe, gure ikuspuntua da honen aurrean. Izan ere, afaltzerako orduan iturriko ura eskatuz gero, pertsona xuhurtzat hartuko gaituzten beldurra sentitu dezakegu, botila ordaintzeko prest ez gaudela pentsatuko dutenaren beldurra; iturriko ura eskatzearen arrazoia beste bat izan arren. Gaizki ikusia dago hori hemen, beste hainbat lekutan normalena eta, gainera, legearen babesa duena izan arren.
Europako hainbat lekutan lege bihurtu da jada iturriko ura eskaintzea eta Euskal Herriko hainbat txokotan, berriz, kanpainak egin dituzte honen alde. Adibideak ikusteko, ondorengo bi esteketan egin dezakezue klik:
Kutxa Fundazioko Ekoguneak argi ikusten du Gipuzkoan iturriko ura eskatzeko orduan arazo soziala dagoela atzetik (lotsa, jendeak zer pentsatuko duenaren beldurra...) eta iturriko uraren alde eginiko kanpainan ondorengo bideoa, ukitu dibertigarriarekin, sortu zuen; nolabait jendea konturatzeko ez dagoela zertan arazorik egon iturriko ura eskatzeko orduan eta animatzeko lasai eskatzera.
Askotan neurri sinpleak eskura ditugu eta ez ditugu gutxieneko aldaketak egiten. Azkoitian ere ura pitxarretan zerbitzatzeko ohitura hartuko balitz, urtebetean bakarrik plastikozko botilen kopurua ikaragarri jaitsiko litzateke eta aurrerapauso handia litzateke.
Ikusirik honen inguruan dagoen mugimendu guztia, lotsagarria iruditzen zait Azkoitia bezalako herri batean, non birziklapenari eta hondakinei buruz asko eztabaidatu izan den, oraindik ez hartu izana inolako neurririk plastikozko botilen aurrean. Hori dela eta, gutun honekin gonbidatzen ditut Azkoitiarrak gai honen inguruan hausnartzera, iturriko ura lotsarik gabe eskatzera, eta udaletxea eta tabernak neurriak hartzera."