Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Herriguneko saihesbidea?"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2019ko api. 18a, 11:45

Ioritz Gonzalez Lertxundik, herritar eta guraso bezala, herrigune erditik pasatzen den ibilgailu kopuruaren inguruan idatzi du, bereziki herriko ikastetxeetan dagoen trafikoaren inguruan. Irakurri:

Hiri habitagarri eta iraunkorrak eredutzat dauzkagun garaian, geure etxeari begirada bat bota eta hobetzeko bideari ekitea denon ardura eta intereseko gaia izan beharko luke.

Asmo horri jarraiki, hanbat herritarren eta gurasoen kexa helarazi nahi nuke lerro hauen bidez, zehazki, herrigune erditik bideratzen ari garen trafiko kopuruaren arazoa. Izugarria da herrigune erditik pasatzen den ibilgailu kopurua, gainera jakinda horietako askoren xedea herritik kanpora abiatzea dela. Arazoaren larritasuna asko areagotzen da trafiko guzti hori herriko ikastetxeen ondotik pasatzen dela kontuan hartzen badugu —Xabier Munibe Ikastola, Floreaga Ikastetxea eta haurreskola—. Ordu zehatz batzuetan bide horretara gerturatu besterik ez dago bertatik dabilen kotxe kopuruaz jabetzeko.

Askotan gertatu ohi den bezala, badirudi zerbait gertatu arte ez diogula garrantziarik ematen, eta umeren bati zoritxarreko zerbait gertatu aurretik neurriak hartzea ez litzateke izango guztion ardura? Kontuan izanez gero gainera ikastetxe inguruetan ume asko korrika eta jolasean ibili ohi dela?

Hauteskunde kanpainaurrean gauden honetan, hemendik gonbidapen bat luzatu nahi dizuet kanpainan murgildurik zabiltzaten taldeei. Herritar askoren nahia kontuan izan eta arazo honen konponbidea proiektu bezala planteatu dezazuen eskatuko nizueke, bide batez, zuen programak eduki gehiagoz hornitzeko aukera eskainiz. Ziur asko esku artean dugun arazoak ez du irtenbide errazik, baina oinez hasi ezik ez gara helmugara gerturatzen hasiko...

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide