Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Erremediorik ez? Festa bai, ardura ere bai"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2019ko urt. 12a, 11:20

Santa Maria Parrokiako Pastoral Kotseiluko talde iraunkorrak 'Kejie ta desditxie' atalerako idatzitako iritzia da hau:

Aurtengo danborrada inoiz baino jendetsuagoa izan omen da. Benetan ikuskizun ederra izan zen: San Andres festa girotzeko atari bikaina eta aurrelari alaia, eta hainbatentzat gaupasa egiteko aukera edo aitzakia. Baina igande goizean eliz aurreak, Plaza Berriak eta alboko kaleek erakusten zuten itxura, tamalez, penagarria zen, lotsagarria eta, ausartzen gara esaten, eskandalagarria, neurriz gaineko zikinkeriaz beteta baitzeuden. Eta hori besterik gabe onartzen ohitu behar dugu? Normaltzat hartu behar dugu? Ez du erremediorik? Hori al da herria eta herritarrak maitatzea?

Guri penagarria iruditzen zaigu, eta horrek erantzukizuna eskatzen du, erantzun arduratsua gainera. Ez gaitezen ohitu, ez da normala eta.

Egoera kezkagarria da, eta alarma-hotsak hasi dira entzuten. Zabor eta hondakin ugari sortzen ditugu, eta gero ez dakigu horiekin zer egin. Gehiegi dira. Goratutako garapen ekonomikoaren eta kontsumismoaren ondorenak dira. Erabili eta bota, hara gure «kultura berria». Gero gerokoak, bakarren bat etorriko da atzetik garbitzera. Gure Lurra, hainbaten iritzian, bizitzeko egoki ez den toki bihurtzen ari gara. Egia da. Igande goizean ezin zen nolanahi kalea zapaldu: zikinkeriaz beteta zegoen. Eta hori zergatik jasan eta toleratu behar dugu? Administrazio publikoak hainbat gaitan «txikikeriak» ere exijitzen dizkigu, aginpidez. Delitu ekologikoak ere legez aitortzen dira. Animaliak ere babestuak daude. Gure kaleak ez?

Badakigu ohitura gaizto horiek ez direla etxean eta ikastetxean erakusten. Zer ari zaigu gertatzen? Arnasten dugun giro hau nondik sortzen da?

Gure ustez, neurriak hartu behar dira, ez badugu nahi zenbait egun, asteburu, festa eta abarretan kaleak zabortegi eta simaurtegi bihurtzerik. Festak bai, baina arduraz jokatuta. Gai bagara Euskaraldia antolatzeko, euskara bultzatzeko, zergatik ez egin Herri garbia kanpaina bat? Eta kaleak zikintzea delitu ekologikotzat hartu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide