Kejie ta desditxie

Kejie ta desditxie: "Ez gaitzazue entzumenik gabe laga"

Erabiltzailearen aurpegia Kejie ta desditxie 2017ko ots. 3a, 09:58

Bada sasoia Azkoitiko tabernetan musika ozenegi jartzeko moda hasi zela. Eta ez da zapatu gaueko kontua bakarrik; esate baterako, ostegunean bertan, pintxo-potera atera, eta arratsaldeko zazpietarako elkarrekin ezin komunikatuta ibiltzen gara taberna barruan. Badirudi, gainera, tabernariak elkarrekin lehiatzen direla, zeinek dezibel gehiago. Dagokien horiek, multak jarri beharrean, sariak partitzen hasi ote dira musika ahalik eta ozenena ipintzeagatik?

Gertatu izan zaigu tabernan zeozer eskatu eta kanpora irten behar izatea, musikak belarrian mina egiten digulako eta hitz egiteko deiadarka aritu behar dugulako. Zerbitzari batzuei bolumena gutxitzeko eskatuta ere, kasu zipitzik ez (edo orduan eta ozenago jarri, deskuidatuz gero!).

Ez da sanoa, ez da batere atsegina, eta ez dut uste legezkoa denik ere. Eta udara partean, gaitz erdi: behintzat kanpora atera gaitezke gor gelditu eta eztarria bertan laga aurretik. Neguan, ordea, zer egin behar dugu? Belarriko tapoiak jantzi eta keinu hizkuntza ikasi? Etxean gelditu? Nik uste badela horren aldean soluzio logikoagoa: tabernari maiteok, prezioak ez dituzue jaitsiko, baina gutxienez bolumena jaits ezazue, arren, azkoitiarron mesedetan.

G.L.L.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide