Iraurgi Berritzenek, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, kontratazio publikoaren inguruko prestakuntza saio bat antolatu du Urola Erdiko eraikuntza sektoreko enpresentzat, gremioentzat eta profesionalentzat. Ekainaren 17an, asteazkenez, Azpeitiko Basazabal jauregiko auditorioan izango da, 09:00etatik 11:30era.
Saioaren helburua da eskualdeko eraikuntza sektoreko eragileak kontratazio publikora hurbiltzea eta lehiaketa publikoetan parte hartzera animatzea. Kontratazio publikoak gero eta aukera gehiago eskaintzen dizkie enpresei, baina askotan prozesuaren konplexutasunak edo informazio faltak parte hartzea zaildu dezake. Horregatik, prestakuntza saio horren bidez parte hartzaileek lizitazio prozesuak hobeto ezagutzeko, pleguak interpretatzeko, beharrezko dokumentazioa prestatzeko eta beren enpresentzat egokiak izan daitezkeen aukerak identifikatzeko tresnak eskuratuko dituzte.
Ander Unzalu Azpeitiko Udaleko kontratazio orokorreko arduradunak eskainiko du saioa, eta besteak beste, ikuspegi teorikoa eta praktikoa uztartuko ditu. Bertaratzen direnek, gainera, kontratazio publikoaren inguruan sortzen zaizkien zalantzak eta kezkak zuzenean partekatzeko aukera izango dute. Prestakuntza Urola Erdiko eraikuntzarekin lotutako enpresei, gremioei eta profesionalei zuzenduta dago bereziki, hala nola arkitektoei, aparejadoreei eta sektoreko beste eragile batzuei.
Izena emateko, honako lotura honetako galdetegia bete edota Alazne Larrañaga (688 71 87 77) edo Ione Eizagirreri (688 60 12 99) deitu beharko zaie.