eCommercea, fidelizazioa eta estrategia digitala hizpide izango dituen lan saioa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2026ko maiatzaren 8a

Iraurgi Berritzenek, Astigarraga Kit Linek eta Agora Digitalek antolatutako
lan saioak estrategia digitala, bezeroarekiko harremana eta fidelizazioa
landuko ditu ikuspegi praktiko batetik.

Iraurgi Berritzenek, Astigarraga Kit Line eta Agora Digital enpresekin elkarlanean, eCommercea eta fidelizazioa: estrategia eta bezeroa konektatzeko gakoak izeneko lan saioa antolatu du datorren maiatzaren 14rako, 9:45etik 13:05era Azpeitiko Basazabal jauregian.

Lan saioa eCommercea, fidelizazioa eta bezeroarekiko harremana ikuspegi praktiko, eguneratu eta negoziora bideratu batetik landu nahi dituzten profesional, marka eta enpresei zuzenduta dago. Jardunaldiaren helburua izango da estrategia digitalek eta bezeroarekiko harremanek gaur egungo ingurune lehiakorrean bizi duten bilakaera aztertzea, kasu errealen, esperientzien eta ikaskuntzen bidez.

Programak hitzaldiak, negozio kasu praktikoak eta B2C zein B2B ikuspegiak uztartuko ditu, besteak beste, fidelizazioa, automatizazioa, marketplace-ak, omnikanalitatea edota hazkunde estrategiak jorratuz.

Saioari hasiera emango dio Alejandro Ramosek, Agora Digitaleko zuzendari nagusiak, Fidelizatzea ere haztea da hitzaldiarekin, eta han aztertuko du fidelizazioa hazkunde eta balio sortzeko palanka gisa. Ondoren, Miriam Rodriguezek, Buzones Arreguiko marketin arduradunak, kontsumo ohitura berrietara egokitzeko gakoak partekatuko ditu. Jardunaldiaren bigarren zatian, Djuniet Astigarragak, Astigarraga Kit Lineko Head of eCommerce arduradunak, B2B ikuspegia eta bezeroarekiko lotura izango ditu hizpide; eta amaitzeko, Marcelo Nuñezek, Mailchimpeko Partnerships & Ecosystem Lead arduradunak, email marketinetik automatizazio adimentsuago eta pertsonalizatuagoetara ematen ari den bilakaera azalduko du.

Lan saioa bereziki zuzenduta dago zuzendaritza, marketin eta komunikazio, merkataritza, eCommerce eta eraldaketa digitaleko arduradunei, baita estrategia digitala hobetu nahi duten profesional eta enpresei ere.

Parte hartzaileek sektore digitalaren eta bezeroekiko harremanaren bilakaera ulertzeko ikuspegi berriak ezagutzeko aukera izango dute, beste profesional batzuekin esperientziak eta ikaskuntzak kontrastatzeko espazioa izango dute, eta fidelizazioa, errepikapena eta bezeroekiko epe luzeko harremana lantzen ari diren enpresen kasu praktikoak gertutik ezagutuko dituzte.

Parte hartzea mugatua du, eta izena aurrez ematea gomendatzen da lotura honen bidez.

Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria enpresen trantsizio teknologiko digitala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da lan saioa. Agentziaren helburua da ETE industrialei tresna praktiko eta aplikagarriak eskaintzea, lehiakortasuna handitu eta eraldaketa-prozesuei modu eraginkorrean aurre egin diezaieten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide