Atzo egin zuten, Azpeitiko Basazabal jauregian, Urekonomizatuz izeneko proiektuaren amaiera saioa, eskualdeko hainbat enpresaren parte hartzearekin. Iraurgi Berritzenek gidatu du egitasmoa, helburu argi batekin: Urola Erdiko balio kate nagusien –eraldaketa metalmekanikoa, makineria eta ekipoak, eta elikadura— ingurumen inpaktua ebaluatzea eta hobetzea.
Proiektuaren garapenean, IHOBEk sortutako CCC (Climate & Circularity Calculator) tresna erabili da. Tresna horri esker, parte hartzaileek beren ingurumen aztarna korporatiboa (HAC) kalkulatu dute, ingurumen inpaktua murrizteko aukerak identifikatu, eta murrizketarako ibilbide orria zehaztu dute. Horrez gain, datuen gobernantzarako estrategia bat ezarri dute, ingurumen hobekuntzaren etengabeko kudeaketa sustatzeko.
Amaiera saioan, Ekintza, Elmubas eta Glual enpresek proiektuan zehar izan duten esperientzia partekatu diete Urola Erdiko industria arloko beste enpresei, bai ingurumen aztarnaren kalkuluaren inguruan, bai datuen kudeaketan eta gobernantzan egindako aurrerapausoetan.
Urekonomizatuz proiektua IHOBEk finantziatu du, eta eskualdeko industria enpresen trantsizio ekologikoa bultzatzeko eta jasangarritasuna indartzeko Iraurgi Berritzenek duen estrategiaren barruan kokatzen da. Zentzu horretan, egitasmoak eskualdearen trantsizio jasangarriaren aldeko urrats esanguratsua ekarri du, eta ekonomia zirkularraren zein eraginkortasun energetikoaren aldeko apustu kolektiboa sendotu du.