Martxan da Urola Turismoaren I. Argazki Lehiaketa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko aza. 15a, 11:37

Kamerarekin, mugikorrarekin zein dronarekin Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen edo Zestoan ateratako argazkiak bidal daitezke. Abenduaren 2an amaituko da argazkiak bidaltzeko epea, eta hiru irabazle egongo dira.

Iraurgi Berritzeneko Turismo sailak Urola Erdiko aurreneko argazki lehiaketa antolatu du. Helburua Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil eta Zestoako argazkiak jasotzea da, ondoren eskualdeko sustapen turistikoan erabili ahal izateko. Herri horietako bazter, paisaia edo ekitaldiren bateko, zein bestelako argazkiak izan daitezke. 

Hiru kategoriatan banatu dute lehiaketa: kamera bidezko argazkiak, mugikorrarekin ateratakoak eta dron bidez ateratakoak.

Parte hartzaileek i-loiola@urolaturismoa.eus helbidera bidali beharko dituzte argazkiak, lehiakidearen izen-abizenak eta lehiatzen ari den kategoria zehaztuz. Abenduaren 2an amaituko da argazkiak bidaltzeko epea.

Jasotako argazkiak epaimahai batek baloratuko ditu, eta irabazleak izendatuko ditu. Kategoria bakoitzak bere irabazlea izango du, eta hiru irabazleen artean honako sari hauek zozketatuko dituzte: bertako produktuez osatutako otarra bat, eskualdeko jatetxe batean bi lagunentzako bazkari edo afari bat eta Izarraitz mendikatetik parapentean salto bat.

Irabazleei posta elektronikoz jakinaraziko diete saridunak izan direla, eta Urola Turismoaren sare sozialetan argitaratuko dute ondoren.

Zorte on eta animatu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide