Atzo, apirilak 16, Ekintzaileen Nazioarteko Egunean, eskualdean enpresak sortu berri dituzten ekintzaileak omendu nahi izan zituen Iraurgi Berritzen garapen agentziaren Ekintzailetza arloko lantaldeak. Horretarako, lehen aldiz egin genuen Aldaketa ereiten: ekintzaileak eta hauen ekarpena eskualdean.
2023an enpresa sortu zuten ekintzaileek egindako ahalegina eta eskualdeko ehun sozioekonomikoan izan duten inpaktu positiboa goraipatzeko balio izan zuen ekitaldiak. Guztira hamasei egitasmo berri sortu ziren iazko urtean: lau ostalaritza jarduerakoak, bost jarduera profesionalak, bi merkataritza txikiaren esparrukoak, bi osasunari loturikoak, eta hiru beste jarduera batzuetakoak.
Tokiko ekintzailetza honek, eskualdeko herrietan eta kaleetan zerbitzu eskaintza zabala izaten jarraitzeko aukera ematen du. Beraz, atzoko ekitaldian eskualdeko ekintzaile horien ausardia eta lana aitortu eta baloratu nahi izan zituen Ekintzailetza arloak, eskualdean lana sortu eta herriak bizirik mantentzen dituztelako.
Ekitaldian, Maria Diez ekintzaile eta coach-ak "heroiaren bidaia" kontakizuna oinarri hartuta eskaini zuen hitzaldi motibatzailea entzuteko aukera izan zuten eskualdeko ekintzaile berriek. Ekitaldia amaitzeko, berriz, parte hartzaile bakoitzari oroigarri bat eman zitzaion, Iñigo Borda eskualdeko margolariak sortutakoa.