Urola Erdiko hausnarketa estrategikoaren jarraipena, IB Sarearen XXI. Topaketetan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko urt. 26a, 15:25

Argazki hau ateratzeko elkartu dira parte hartzaile guztiak IB Sarearen XXI. Topaketen amaieran. (Iraurgi Berritzen)

Bailarako hainbat eragile ekonomiko eta udaletako ordezkariak Loiolako Gogartetxean elkartu dira gaur. Parte hartzaileek elkarren arteko harremanak sendotzeko aukera izan dute.

IB Sarearen XXI. Topaketak egin dituzte gaur goizean Loiolako Gogartetxean. Eskualdeko sozioekonomia arloko hainbat eragilek –enpresak, ekintzaileak, ikastetxeak, merkataritza elkarteak, enplegu zein turismo arloetako eragileak– eta udaletako ordezkariek parte hartu dute topaketetan.

Ana Azkoitiak, Azkoitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen presidenteak, ireki ditu topaketak. Ondoren, Begoña Beobide Iraurgi Berritzenen zuzendariak bailarako herrietako alkateekin eta sektore ezberdinetako eragileekin elkarlanean aurrera eramandako Elkarrekin Urola Erdia Eraldatzen 2022-2027 hausnarketa prozesuaren ekintza planari egindako jarraipena partekatu du bertaratu diren eskualdeko 60 ordezkari ingururekin. Garapen agentzia eskualdea eraldatzeko helburuarekin garatzen ari den lankidetzazko gobernantza ereduaren balioa ere nabarmendu du Beobidek bere hitzaldian.

Topaketetan parte hartu dutenek beraien arteko harremanak sendotzeko aukera bikaina izan dute gaurkoan. Gainera, erakundeen ezagutzaren eta ikasketaren kudeaketan aditua eta nazioartean ezaguna den Javier Martinez Aldanondoren hitzaldia entzuteko aukera ere izan dute. Eskualdearen eraldaketarako adimen kolektiboak eta lankidetzak duten garrantzian jarri du fokua hizlariak.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzenen presidenteordearen hitzekin bukatu dira IB Sarearen XXI. Topaketak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide