Urola Erdiko lan merkatuak bilakaera onean jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2022ko uzt. 29a, 12:51

Urola Erdiko langabezia indizea, Iraurgi Berritzenen estimazioaren arabera, %7,5ean kokatu zen ekainean. Ekainaren amaieran 1.195 langabetu zenbatu zituzten eskualdean, iaz garai hartan baino 83 langabe gutxiago. Lan merkatuak urteko bigarren hiruhilekoan izan duen bilakaera positiboa da, adierazle desberdinei erreparatuz gero.

2022ko ekainaren amaieran 1.195 langabetu zenbatu dira Urola Erdian, eta azken hilabeteetako joera baikorrari jarraipena eman zaio. Lanbide euskal enplegu
zerbitzuaren datuen arabera, 2022ko ekainean iaz hilabete berean baino 83 langabetu
gutxiago zenbatu dituzte eskualdean, %6,5 gutxiago.

Era berean, Iraurgi Berritzenen estimazioen arabera, Urola Erdiko langabezia indizea %7,5ean kokatu da ekainaren bukaeran, %5,7 gizonezkoetan eta %9,6 emakumezkoetan. Gauzak horrela, eskualdeko langabezia indizea, Gipuzkoakoa (%8,3) baino ia puntu bat
txikiagoa da.

Lan merkatuaren bilakaera positiboa

Era berean, lan merkatuak martxoa eta ekaina bitartean izan duen bilakaerari erreparatuz gero, oro har, bilakaera positiboa ikus daiteke adierazle ezberdinetan. Besteak beste, honako puntuak azpimarratu daitezke:

  • Urola Erdian zenbatutako afiliazio kopuruari dagokionez, bilakaera positiboa
    erregistratu da urteko bigarren hiruhilabetean. Ekainaren amaieran 13.331 afiliatu
    zenbatu dira eskualdean, martxoaren amaieran baino 174 gehiago. Azken
    hilabeteetan erregistratu den bilakaera positiboari esker, iaz hilabete berean
    baino 513 afiliatu gehiago zenbatu dira eskualdean, %4ko hazkundea. Igoera
    hori, batez ere, industrian eta zerbitzu sektoreetan eman da.
  • Kontratuen bilakaerari dagokionez, 2022ko apirila eta ekaina artean 1.898
    kontratu zenbatu dira Urola Erdian, iaz hiruhileko berean baino %6,8 gehiago.
    Kontratu gehienak zerbitzuetan zenbatu dira, kontratu guztien %57,5 hain
    zuzen ere. Bestalde, hiruhilekoan erregistratu diren kontratuen herena
    industriara bideratu da, guztira 642 kontratu.
  • Diru sarrerak Bermatzeko Expedienteei (DBE) dagokionez, Urola Erdian
    zenbatutako expediente kopuruak beheranzko joeran jarraitzen du; guztira,
    518 expediente zenbatu dira, iaz hilabete berean baino 47 gutxiago.
  • Ekainaren amaieran, indarrean ziren hiru Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Expediente (ABEEE) zenbatu dira eskualdean. Expediente horiek, guztira, 111
    langileri eragiten diete.

Iraurgi Berritzenek eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren nondik norakoak aztertzen jarraituko du datozen hilabeteetan, uneoro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutzeko eta eskualdeko sustapen politikak uneko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide