Martxoaren 3an egingo dute industriako zibersegurtasunean sakontzeko bigarren saioa

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2021ko ots. 26a, 15:02

Besteak beste, zibersegurtasun funtzioaz, zibersegurtasun industrialeko mitoez eta industriako mehatxuez ariko dira saio horretan. Parte hartu nahi duten enpresek Iraurgi Berritzenekin harremanetan jarri behar dute.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroarekin (Ziur) batera, Zibersegurtasun Gosariak: Ikasiz 4.0 egitasmoa jarri zuen martxan duela hilabete batzuk, industria arloko zibersegurtasunean sakontzeko helburuarekin. Abenduaren 2an egin zuten aurreneko saioa, eta martxoaren 3an egingo dute bigarrena. Besteak beste, zibersegurtasun funtzioaz, zibersegurtasun industrialeko mitoez eta industriako mehatxuez ariko dira saio horretan.

Gosari horiek biltzen dituen Ikasiz 4.0 lan-ildoak bi helburu nagusi ditu: Enpresa Guneko ordezkarien proposamenari erantzunez, enpresetan garatzen ari diren ezagutza, praktiken esperientzia onak eta proiektuak partekatzea, batetik, horrela eskualdeko enpresetan hobetzeko aukerak biderkatzeko; eta, bestetik, bereziki industria sektorean eragiten ari diren joera teknologikoetan sakontzea, COVID-19aren ondorioz premia hori gehiago nabarmendu baitute enpresek.

Lau saiok osatuko dute egitasmoa: abenduaren 2an egin zutenak, martxoaren 3an egingo dutenak eta beste bik. Dena ondo bidean, ekainaren 3an egingo dute sareen segmentazioari buruzko saioa; eta urriaren 4an azkena, beste hainbat gai lantzeko.

Parte hartzeko

Saioak online izango dira, eta martxoaren 3ko saioaren gaineko xehetasunak eskura dituzte enpresek esteka honetan. Jardunaldian parte hartzea nahi dutenek, berriz, Iraurgi Berritzenera jo behar dute, 943-02 60 69 telefonora deituz edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatziz.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide