Negozio berri bat zabaldu nahi duten ekintzaileei zuzendutako bi formakuntza saio antolatu ditu Iraurgi Berritzen garapen agentziak Lanzituz programaren bitartez. Lehen ikastaroa azaroan izango da, eta enpresa berri horrek ogasunarekin dituzten betebeharrak zeintzuk diren eta hiruhileko bakoitzeko aitorpenak nola egin beharko dituzten ikasi ahal izango dute parte-hartzaileek, baita Gizarte Segurantzan dituen estaldurak zeintzun diren ere. Saioak azaroaren 18an, 19an, 20an, 25ean, 26an eta 27an izango dira, 09:30etik 13:30era bitartean.
Bigarren ikastaroa, berriz, abenduan egingo dute, eta enpresa ezagutarazteko eta sustatzeko doako on line erremintak ezagutzeko aukera izango dute ekintzaileek, hala nola Canva, Mailchimp eta Google My Business. Gainera, sare sozialek ere izango dute lekua abenduaren 2an, 3an, 4an, 9an, 10ean eta 11n egingo dituzten saioetan.
Lanzituz programak langabezian dauden herritarrak lan munduan txertatzea du xede, Lan Sozietateen eredua oinarri hartuta eta ekintzailetasuna sustatuta. Programaren inguruko xehetasun edo informazio gehiago jaso nahi duenak 943-85 11 00 telefono zenbakira deitu dezake edota ieizagirre@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzi. Egitasmoa Europako Funts Sozialak finantzatu du, eta ondorengo erakundeek hartuko dute parte: Euskadiko Lan Sozietateen Elkarteak, Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Bazkundeak, EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuak eta Euskadiko CCOO sindikatuak.
Tailerren inguruko informazio gehiago hemen eskuratu daiteke.