Eskualdeko Turismo Bulego berrirako hornidura eta instalakuntza esleitu da

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2015ko mai. 22a, 15:46

Loiolako Santutegiaren aurrealdean kokatutako den Turismo Bulegoa erabiltzeko aurrefabrikaturiko eraikin modular bat hornitu eta instalatzeko lanen esleipena burutu da.

Urola Erdiko Garapen Agentziak, Iraurgi Berritzenek egin du esleipen prozesua, eta Iruñeako NUEVO SISTEMA MODULAR S.L. enpresak aurkeztu duen proiektua izan da baloratuena, prozeduraren plegu teknikoetan zehazturiko baldintza eta irizpideetan oinarrituta.

Eraikin modular aurrefabrikatua, birziklagarria eta berrerabilgarria da hori nahi edo behar izanez gero beste kokapen batean. Kalitate handiko materialez ekoiztua, efizientzia energetikoaren baitan eraikuntzarako kode teknikoko irizpideak betetzen ditu, eta biziraupen luzerako aurreikusita ekoiztuko da, Foru Aldundiaren baimena zehazten duen kontratuak 15 urtean zehazten baitu eraikina bertan kokatzeko epea, ondoren luzatzeko aukerarekin.

Loiolako Santutegitik eskualdeko udalerrietara turismo fluxuak bideratzeko estrategian aurrerapauso kualitatiboa emateko helburuarekin eraikiko da Turismo Bulego berria kokaleku horretan. Iraurgi Berritzeneko gestio planaren baitan aurreikusita, Eskualdeko Turismo eta zerbitzuen sektoreko enpresen eskura tresna berri bat jartzea nahi da beren negozien sustapenerako batetik, eta bestetik Iraurgi Berritzeneko Turismo Sailarekin elkarlanean jarduera turistikoa sustatuz tokiko garapen ekonomikoan parte hartzeko.

Turismo Bulego berriaren irekiera 2015 uztaila amaieran (San Inazio jaiak baino lehen, data finkatu gabe) dago aurreikusita, eta urte osoan zabalik eta martxan izango da zerbitzua hemendik aurrera.

Proiektua Azkoiti eta Azpeitiko udalek Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Garapen Agentziaren bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo sailak finantzatuta burutu da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide