Inika VII. Jardunaldiak egin dituzte maitzaren 6an Sanagustinen

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2015ko mai. 15a, 09:18

Azpeitiko Ukabi eta Azkoitiko ElkarMedia enpresek sortu eta garatutako plataforma da Inika, Internet bidez ikastetxeen kudeaketa akademikoa aurrera eramateko. Arrakasta itzela izan dute jardunaldiek. Irakaskuntza arloko 250 bat lagun bildu dira San Agustin Kulturgunean.

Ukabik eta Elkarmediak orain dela hamabost urte jarri zuten abian Inika proiektua (www.inika.net). Proiektuaren arduradunen esanetan, kudeaketa akademikoaren esparruan gaur egun Euskal Herrian gehien erabiltzen den tresna da Inika. "180 ikastetxetik gora eta milaka irakasle eta familiak erabiltzen dituzte plataformak eskaintzen dituen zerbitzuak", diote. Urola bailaran ere badituzte erabiltzaileak, hala nola Urola Ikastola, Azkoitiko Xabier Munibe eta Karmelo Etxegarai.

Jardunaldian hainbat zerbitzu aurkeztu dituzte. Besteak beste, Irailetik Aurrera Gurasoek eskuragarri izango duten APP berria Android eta iPhone plataformentzat. Honen bitartez familiak bere seme-alaben jarraipena egin ahal izango dute: tutorearekin harremanetan jarri, hutsegiteen alertak jaso, arau hausteak, kanpo ekintzak e.a. Azken finean, bere seme-alabaren eguneroko jardueraren berri izango dute mugikorrean.

"Datorren urteetan Inikak izango duen erronka nagusia Euskal Herritik kanpora irtetea" dela diote arduradunek. Horretarako, internazionalizazio prozesua martxan jarri dute jadanik, Iraurgi Berritzenen eskutik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide