Martxan du Iraurgi Saskibaloiak denboraldi berrirako bazkide kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi SB 2026ko abuztuaren 31

Domusa Teknik ISBko jokalariak zaleak agurtzen. (Mikel Amenabar 'Otola')

Gizonen zein emakumeen etxeko partida guztiak ikusteko aukera izango dute denboraldi berrian ISBko bazkide egiten direnek. Guztira, hiru kuota mota zehaztu ditu Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldeak. 

Iraurgi Saskibaloiak abian du 2026-2027 denboraldirako bazkide kanpaina. ISBko bazkide egiten diren herritarrek gizonen Biele ISB taldearen nahiz emakumeen Domusa Teknik ISB taldeen etxeko partida guztiak ikusi ahal izango dituzte. Hain justu, Biele ISBren Bigarren FEB Mailako hamahiru norgehiagoka, Domusa Teknik ISBren LF Challenge mailako hamabost lehia, gizonek jokatuko dituzten Espainiako Kopako bi partidak eta balizko igoera faseko kanporaketak bertatik bertara ikusteko abagunea izango dute ISBko bazkideek. 

Aurten, hiru kuota mota zehaztu ditu Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldeak; 130 euro ordaindu beharko dute helduek, eta 90 euro, 25 urte baino gutxiago dituztenek nahiz jubilatuek. Dena den, ISBk hirugarren aukera bat ere eskainiko du aurten: 220 euroren truke, familiako bazkide egiteko aukera emango du klubak. Hala, bi bazkide txartel jasoko dituzte mota horretako bazkidetza egiten dutenek.

Bazkide egin nahi dutenek, 688 65 71 19 telefono zenbakira deituta jarri beharko dute klubarekin harremanetan edo bestela honako lotura honetako galdetegia bete. Nolanahi ere, klubak nabarmendu du familiako bazkide egin nahi dutenek telefono bidez gauzatu beharko dutela bazkide egiteko prozesua. Gainera, denboraldi-aurrean etxean jokatuko dituzten partidetan bazkide egiteko mahaia jarriko du ISBk.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide